Loezinaren garrantzia
Bai horixe ·
Gobernatzen gaituztenen beti esaten digute lanera emanak bizi direlaJoan den astean egin zioten elkarrizketa batean Pedro Sánchezek esan zuen lasaiago zegoela hauteskunde berriak iragarri ondoren, Iglesiasekin koalizio bat adostea zela errazena, baina hori egin izan balu, lasaikeriari amore eman izan balio, orain erabaki horrek loa kenduko liokeela eta hor ibiliko zela gaixoa, begiak bildu ezinik. Logabe.
Horixe falta zitzaigun, lo beharrean dagoen presidentea lemaren arduradun. Loezina gaixotasun larria izatera heldu daiteke eta inork ez luke presidente gaixo bat nahi. Gehienetan, aldi baterako eragozpena da, kaltegarria, tarteka gehienok sufritu edo sufrituko duguna.
Elkarrizketaren arabera, Sanchezek saihestu egin du arriskua eta lasai egiten du lo orain. Eskerrak. Beste kontu bat da zer gertatzen den legealdiaren atzerapenarekin luzaroan espero zuten zerbait oraingoz helduko ez dela dakitenen loarekin. Adibide bakarra jartzearren, zer gertatzen den eutanasia legearen esperoan zeudenen loarekin. Elkarrizketak ez zuen hori argitu, baina badakigu insomnio horrek Sánchezenak baino balio gutxiago duela.
Ohituak gaude entzutera politiko askoren ahotik, lanean larrua uzteko prest daudela eta niri behintzat beti ematen dit ezetz esateko gogoa. Mesedez, egizu lan, ahal duzun modurik zintzoenean, ahal den lanik emankorrena baina, faborez, ez utzi larrua bertan, osorik behar zaitugu, ez larruturik. Sufritzeak ez du beti emaitza onik bermatzen.
Ez dakit zein den arrazoia, baina agintzen gaituztenek beti adierazten digute, zuzenean nahiz zeharka, zenbat lan egiten duten, nola bizi diren lanera emanak, horretan jarduten dutela gau eta egun, buru-belarri, beraren eta ingurukoen sakrifizioraino, barnetegiko fraide edo mojak bailiran. Bizitzan lana besterik ez balego bezala.
Ez dizute, jendaurrean behintzat, sekula aitortuko ze gozamena den lanaren atal hau edo beste, ze atsegina den aparkatzeko bueltak eman behar ez izatea, hori gidariaren lana delako, zenbat jatetxe ospetsu ezagutu duten lanaren aitzakiaz edo ze atsegina den arazo bat duenari bizitza erraztea.
Niri iruditzen zait politikagintzan lan egiten dutenek grina hori behar dutela, besterik ez bada aldi baterako. Hori eta ez beste egin nahi dutela, baina bertan larrua galdu gabe. Alderantziz, gutxienez tarteka, lanak pozaren bat eskaintzen diela, ez diela gauero loa galarazten.