Liburuak sinatzen

Bai horixe ·

Ilarak, urduritasuna, bultzadak, emozioa, beste norbaiteksortuak

Gauza jakina da irakurleak liburuaren egilearen sinadura nahi izaten duela bertan, eskaintza eta guzti. Moda berria da gure artean , ez dakit noiz sortua, baina sendoa. Hori nahi izaten du azoketan erosleak, egilearen sinadura.

Publicidad

Ez dut azterketa seriorik egin sinadura hauen inguruan, baina hamarralditako eskarmentua dut, lehengo eta oraingo azoketan. Ikusi izan ditut bizpahiru pertsona egilearen sinaduraren zain, baina ez dut sekula ilara luzerik ikusi euskaraz idazten duen egile baten aurrean, ezta gure izen handienen aurrean ere. Gertatuko ziren agian, baina nik ez ditut ikusi.

Gogoan dut duela urte batzuk Durangoko azokan beste idazle batekin nengoela gure argitaletxearen estandean. Halako batean nire kideak komentatu zuen nik berak baino dezente gehiago sinatzen nuela eta horrela zen. Lotsaren antzeko zerbait sumatu nuen, une batez eta sinaduren kontuari garrantzia kentzen ahalegindu nintzen.

Horretan geunden gure inguruan jendea, balizko irakurle edo erosleak, norabide batean mugitzen hasi zirenean. Gurekin zerikusia ez zuen zerbait ari zen gertatzen gure aurrean. Minutu baten buruan jakin ahal izan genuen zer zen jendearengan zurrunbilo hori sortzen zuena. Toti Martínez de Lezea etorri berria zen.

Aurtengo Durangoko azokan egiaztatu nuen gauzak ez direla aldatu. Aurten ere Totiren aurrean zegoen ilararik luzeena, kaleraino iristen zena. Edo bakarra. Musikari batek kontatu dit, aste honetan bertan, berari hori 'Berri txarrak' taldearekin gertatu izan zaiola inoiz. Ilarak, urduritasuna, bultzadak, emozioa, beste norbaitek sortuak.

Publicidad

Harrokeriarentzako sendabidea. Adiskide katalan batek kontatu zidan behin, San Jordi egunean, ingurukoek zituzten ilarak ikusita, errotulu hau idatzi zuela, kartoi batean: «Beste egileen liburuak sinatzen ditut, ilararik gabe». Ez omen zion inork sinadurarik eskatu, baina algara batzuk egin omen zituen kartela irakurtzen zuen jendearekin.

Memoriak kontatzen dit nik ez diodala inoiz inori sinadurarik eskatu, ezta miresten ditudan idazle edo musikariei ere. Ez dut ikusten zer gehitzen dion sinadurak liburuaren edo diskoaren edukiari, baina gustura sinatzen ditut azoketan liburuak eta sinadura bila doazenak errespetatzen ditut, are Totiren aurrean zain daudenak. Azken batean, literatura gutxiri asko eta askori apenas interesatzen zaion zerbait da.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad