Lehoiaren erregetza

Lehoiak oraindik ez du bere ahuldadea onartu eta, horrexegatik, oraindik ez du gainditu

Pello Esnal
PELLO ESNAL

Lehoia omen da oihaneko erregea. Animalietan indartsuena izaki, hari omen dagokio erregetza. Lehoiak aspalditik du ohorezko lekua gizakion iruditegian. Eta deskuiduan horretaz ahazten bagara, aurki adituko diogu norbaiti ohiko kopla. Eta hori ere nahikoa ez balitz, 'Errege Lehoia' filma sortuko dute; eta gero, horren harira, ikuskizun musikala; eta gero, berriro filma. Eta marka guztiak hautsiko dituzte.

Baina lehoiak ere ba omen du orpo ahula. Nietzschek -berriro ere Nietzschek- fin asko salatzen du 'Honela mintzatu zen Zaratustra' bikainean, aurretik gameluaren ahuldadea salatu zuen bezala.

Nietzschek, azken batean, gizakia bere burua errotik aldatzera gonbidatzen du. Eta hiru aldi bereizten ditu prozesu luze horretan: gameluari dagokiona, lehoiari dagokiona eta haurrari dagokiona.

Gameluak «bai» besterik ez daki esaten; beti «bai» eta «bai». Baina «bai» hori ez da benetakoa, ez da bere baitatik sortua. Besteren onarpena nahi du ororen gainetik, eta onarpen hori bereganatzearren ibili ohi da beti menpeko, beti taldeko, beti zamazama eginda, beti «bai» eta «bai».

Lehoiak, ordea, ondo ikasia du «ez» esaten. Ezezko oldartsua da honena. Aurre egiten dio ezezko horrek dakarkion bakardadeari. Bizia maite du. Ez dio beldurrik zamarik ezak dakarkion arintasunari. Eta, bere buruaren jabe izaki, bidean aurrera egiten du, ondorioak ondorio. Urrunetik begiratzen diote denek. Inor ez zaio inguratzen. Inork ez dio maite-maite egiten bizkarrean.

Eta lehoiak, tarteka, zeharka begiratzen die gamelu-karabanei. Eta oasiaren itzalean atseden hartzen ikusten ditu, bata bestearen ondoan, patxada ederrean. Eta, noizbehinka, zalantzaren bat sortzen dio horrek. Gutxi irauten dio, ordea, zalan-tzak. Aukeran, nahiago ditu basamortuaren eguneko hodeiertz argiak eta gaueko zeru izartsuak.

Hala ere, lehoiak badaki gamelu izana dela. Eta inola ere ez du berriro gamelu izan nahi. Eta oraindik borrokan dabil bere buruarekin, sarri-sarri esanez ez dela gamelu eta ez dela gehiago izango. Horregatik, bere iragana datorkio gogora, gamelu bat ikusten duen aldiro. Eta mespretxatu egiten du gamelua; oraindik bere ahuldadea ekartzen baitio gogora. Erabat gainditu ez duen seinale.

Lehoiak oraindik ez du bere ahuldadea onartu eta, horrexegatik, oraindik ez du gainditu. Beste aldaketa bat da oraindik beha