Lana norentzat
Bai horixe ·
Esaten da etorkinek bertakoonak liratekeen lanpostuak lapurtzen dituztelaEz hain aspaldian esaten zen, ahoz nahiz idatziz, emakumeak lan merkatura sartzen baziren gizonezkoei lanpostuak lapurtuko zizkietela. Beti egon dira etxekoandre hutsak ez ziren emakumeak, etxetik kanpo ere lan egiten zuten emakumeak. Irakasleak, erizainak, baserritarrak sare konpontzaileak, dendariak, tabernariak, era guztietako garbitzaileak ... Horiekin ez ziren sartzen, horiek, asko izanagatik, salbuespen ziren eta ez zegoen gizonik haien lanpostua nahi zuenik.
Arazoa, eztabaida, hortik kanpo lan egiten zuten emakumeen inguruan piztu zen. Gauza jakina da gerra garaitan emakumezkoak behar izan direla hainbat lanbidetan, gizonak frontean zeudelako eta gizonak etxera itzuli bezain laster hartzen zutela emakumeen postua. Ezaguna da, era berean, etxera itzuli behar horrek emakumeengan izan zuen eragina. Eta gure kasuan gehitu behar zaio hemengo industriak gutxitan eskaintzen ziela lekua emakumeei, Katalunian ez bezala.
Emakumeak zerbitzuetan lanean hasi zirenean esaten zen hemen gizonei lapurtu egiten zietela lanpostua, emakumeon berezko lekua etxea omen zelako. Aspaldi ez dut horrelakorik entzun ez irakurri. Baina argudio bera erabiltzen da oraindik ere etorkinei buruz. Esaten da etorkinek bertakoen lanpostuak lapurtzen dituztela.
Jakin badakigu ez dela horrela, aski dela ingurura aurreiritzirik gabe begiratzea ulertzeko gehien gehienetan guk nahi ez ditugun lanpostuak dituztela etorkinek, beraiek behar gaituzten adina behar ditugula guk. Eta halere sarritan entzuten dugu etorkinek 'gure' lana lapurtzen dutela.
Hori gutxi balitz, egunotan kasta horretako argudio bat berpiztu da, oraingoan, erretiroa eta lana uztartzen dituzten adinekoei buruz. Aski izan da ministro batek erretiroaren data aipatzea lanean jarraitu nahi luketen adinekoei lanpostu lapur deitzeko. Etengabe entzun eta irakurri dugu erretiroan sartzeko adina izanda lan egiten jarraitu nahi duenak edo horren premia duenak, tapoi bat osatzen duela gazteekiko.
Ez zaie hitzez hitz lapur esaten, baina aspaldian emakumeei buruz eta oraindik etorkinei buruz esaten dena erretiroa hartzeko adinean lanean jarraitu nahi dutenei esaten zaie egunotan. Bistakoa da, kasu honetan ere, lan bizitzaren bukaeran daudenen lanpostuak ez direla hasiberriak betetzen dituztenak, baina berdin zaio. Besteen lanpostu lapurrak, hauek ere. Lanpostuak gizon zuri gazteenak dira, ez beste inorenak.