KONTZERTUAK

ARITZ GORROTXATEGIPLAZA DE GIPUZKOA

Lagun batek kezkaz esan zidan: La Polla Recordsek BECen eman behar dituen bi kontzertuetako sarrerak amen batean agortu ziren, salgai jarri eta berehala. Kezka ez zetorkion musika talde horren arrakastatik, baizik eta gure gizartean kontzertu erraldoiekiko eta azken urteotan modan jarri diren omenaldi-kontzertuekiko (Queen-i, Mecanori, ACDC-ri...) piztu den zaletasun neurrigabea dela eta. La Polla Records talde masibo bihurtuta. «Kontzertu erraldoietara goaz artaldea bezala, eta gero inor ez doa talde hasi berriak ikustera», esan zidan saminez.

80ko hamarkadan justu kontrakoa gertatzen zela nabarmendu zidan. Orduan gazte dezente joaten zen Euskal Rock Erradikala bezala ezagutu den fenomenoaren ekitaldietara. Beste garai batzuk ziren. Egia da gaur egun musikara heltzeko moduak aldatu egin direla, teknologia berriek eskura jarri dituzten aplikazioen bidez entzuten dutela musika gazteek. Baina datuak hor daude. Kontzertu erraldoien zale amorratu bihurtu gara. Oro har, ekitaldi erraldoien zale. Musikaren indar eraldatzailea diluitu egin da. Eta, paradoxikoki, gehitu zuen nire lagunak, orduko letrak inoiz baino gaurkoagoak dirudite, gaur goizean bertan idatzi izan balituzte bezala. La Polla Recordseko abeslariak berak, Evaristok, ezin argiago esan zuen elkarrizketa batean orain hilabete gutxi: «Kapitalari saldu diogu geure burua». Elezaharretan jakinduriaren edo hilezkortasunaren truke deabruari bere arima saltzen zioten dohakabe horiek bezala.

Nostalgiaren eta berritasun zoroaren artean bizi gara. Bi horien artean aukeratzera kondenatuak. Jainkoa hil zela iragarri zuen filosofo ezagun batek. Oraingoan, rocka da hil dena. Horrek dakarren guztiarekin.

Temas

Euskera