Ku Klux Klan berriro?

Iñigo Lamarca
IÑIGO LAMARCA

Ikaragarriak dira Trumpek berriki Ipar Carolinako hiri batean eman duen mitin bateko irudiak. Zuriak ez diren lau emakumezko kongresisten aurka jardun zuen, beraien jaioterrira itzuli daitezela oihukatuz (etorkinen alabak dira hiru eta Somaliatik ume zela hara joandakoa, laugarrena). Niri, dena den, haren arrazakeria, sexismoa eta harropuzkeria baino larriagoa iruditu zitzaidan ekitaldi politiko hartan zeuden gizon-emakume gehienen jarrera: gorrotoa eta intolerantzia zerizkien. Oso larria iruditzen zait, halaber, AEBetako Alderdi Errepublikarrak men egitea erabat Trumpi. Ahots kritikorik ez dago apenas alderdi horretan haren gehiegikerien aurka. Nabarmena da presidente estatubatuarrak polarizazioa eta estremismoa bultzatu nahi dituela datorren urteko hauteskundeei begira, eszenatoki horretan oso ondo moldatzen delako, politikagintza espektakulu itsusi batean bihurtuz, gizartea larriki zatituz, eta gorrotoa eta giza eskubideen aurkako balioak zabalduz. Horrekin batera arrazakeria eta zurien supremazismoa ari da elikatzen. Bere ama, aitaren aita eta emaztea etorkinak izanik, nola eduki dezake etorkinen aurka halako astakeriak esateko azala? Berak erasotzen dituen etorkinak ez direlako zuriak edo kristauak, erantzungo luke. Adi datu horri. Kirsten Gillibrand hautagai demokratak Maya Angelouren poesia batekin erantzun dio Trumpi. Oxala poesiak iraina eta arrazakeria ezabatuko balitu, baina oso ezkorra naiz. Nabarmentzekoa eta aldi berean oso kezkagarria da faxismoarekin lotu daitezkeen diskurtsoak eta jarrerak hartzen ari diren indarra nonahi, Europan bertan ere bai.

Zorionez, eskuin mutur ultranazionalistari aurre egin behar zaiola argi daukate zenbait buruzagi politikok, nahiz eta kontserbadoreak izan. Espainian ez, tamalez. Merkelek, esaterako, kritikatu egin ditu Trumpen erasoak eta elkartasuna eskaini die amerikar lau kongresistei. Bere alderdi berekoa den Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente berriak ere europar balio demokratikoen defentsa egin du. Putin errusiarrarekin tratuak egiteko Europar Batasun indartsu bat behar dela aldarrikatu du. Gero eta era lotsagabeagoan egiten ditu Putinek liberalismo demokratikoaren aurkako adierazpenak, eta aldi berean Europako eskuin muturreko zenbait buruzagirekin duen sintonia ona ez du ezkutatzen. EBk hartu-eman ahalik eta onena izan beharko luke Errusiarekin, besteak beste Europa herrialde erraldoi horren jarraipena delako ikuspuntu geografikotik. Baina Putini ezbairik gabe ikustarazi behar zaio EB sendoa dela, irauteko asmoa duela eta irizpide amankomunak dituela herrialde bizilagunekiko harremanetan. Von der Leyen andreak gauza asko esan zituen europar Parlamentuaren aurrean egin zuen diskurtsoan bai eta haren ostean egin dituen adierazpenetan ere. Batzuek esan dute itxurakeria izan zela sozialdemokraten eta liberalen botoak lortzeko. Baina nago bere sakoneko pentsamenduan daudela Europa sozialago baten alde jardutea (ideia ona deritzot langabetuentzako europar aseguru bat sortzeari) eta ingurumena eta klima hobeto babestea. Zuzena da, halaber, nire iritziz, Erresuma Batuaren kanporaketa dela-eta, luzapen berri baten aukera ematea britainiar Gobernuari, ziurrenik lehen ministro berria izango den Boris Johnson ahohandiaren mehatxuei kasu handirik egin gabe (nahiz eta Brexitaren aukerak apoio handia duen oraindik britaniar herritarrengan, gero eta nabarmenagoa da hura ez dela bideragarria eta gauzatzen bada kalte handiak erakarriko dizkiola behinola inperioa izan zen irla handi hari. Gordon Brown lehen ministro ohiak arestian esan du Johnson Erresuma Batuko azken gobernuburua izan daitekeela, zeren eta Brexita gauzatzen bada litekeena baita Eskoziak eta Ipar Irlandak Erresuma Batutik alde egitea).

Edozein modutara, Europar Batasuna jirabueltaka dabilen bitartean, aurrera eta atzera, ezkerretara eta eskuinera, yenka dantzan bezala, mundu berri bat ari da sortzen non Europak pisu gero eta txikiagoa izango duen eta non klimaren krisiak eta haren ondorioek, iraultza teknologiko eta zientifikoek eta immigrazio mugimenduek dena hankaz gora jarriko duten. Oso kezkagarria da irakurtzea klima aldaketak 120 milioi pertsona pobre gehiago eragingo dituela, Nazio Batuen txosten baten arabera. Bukatzeko, berri positibo bat: Zeelanda Berriko gobernuak planteatzen duen politika publikoentzako paradigma berritzaile bat: erabateko lehentasuna eman justizia sozialari eta gizon-emakumeen ongizateari. Horren harira, osasun mentalaren garrantzia azpimarratu dute gure antipodetan daudenek. Erabat asmatu dutelakoan nago. Ondo ez dakit zer den buruz sano egotea baina argi daukat desoreka handiak sortzen dizkigutela gizarte- antolamenduan, harremanetan eta bilakaeran gaur egun nagusi diren balioek.

Temas

Euskera