Kontatzen digutenez, jendaurrean elkarri sekulakoak eta bi esan ondoren (garrasirik gabe, hori bai), gobernatzen gaituztenak eta gobernatu nahi gaituztenak elkarrekin kaña bat edo kafe hartzeko gauza dira. Kamerak edo mikroak itzaltzen direnean eszenatokitik jaitsi ondoren betiko bakeroak janzten dituen aktorearen antzera.
Publicidad
Orduan erakusten omen dizkiote elkarri mugikorreko argazkiak, seme-alabenak edo bilobenak, oporretan bisitatu duten azken hondartza ustez sekretua edo sareetan jaso duten azken memea. Orduan kontatzen omen dituzte txisteak eta aireratzen algarak.
Kontatzen digute emakume hautagaien artean hor, kafetxo partekatuarekin batera, aipatzen dituztela tokatzen zaizkien buruzagien joera gutxiesgarriak, hitz dotoretan ezkutatzen den berezko lehentasun hori, gizonezkoena, hurbilean mikrorik balego sekula santan aipatuko ez luketena kontatzen diotela elkarri, ahots apalez.
Barruko giro horretan aitortzen omen diote gizonak elkarri zenbat kostatzen zaien bizitza osoa politikari eskaintzeak familiarekiko dakarren urruntasuna, zer nolako sakrifizioa den bileraz bilera bizitzea, munduan besterik ez balego bezala. Bilera, bazkaria, bilera, agerpen publikoa, afaria.
Ez digute kontatzen, baina seguru kafea edo kaña hartzen ari direla liburuez ere mintzo direla. Batek Harkaitz Kanoren Fakirra aipatuko du, alde nahiz kontra eta besteak Uxue Alberdik hamabost emakume bertsolarirekin batera argitaratu berri duen liburua goraipatuko du, data seinalatuetan bertsolaritzarako agertzen duten zaletasunarekin bat.
Publicidad
Dirudienez, taberna giro izenez ezagutzen dugun tenore hori ez zaie tabernan edo kafetegian sortzen, kameren aurrean baizik. Hor oldartzen dira elkarrekin, hor bilakatzen dira oilar, hor leporatzen diote elkarri legealdi osoan ezkutatu digutena, elkarri esan ez diotena, legealdiaren zehar jasandakoak eztanda egingo balu bezala.
Ezin erabaki zer den egiazkoagoa eta zer antzeztuagoa. Dakiguna da, kontatzen digutenak egiaren izpi bat badu, desberdinak direla jendaurrean eta gainerakoan, desberdintasun hori gainerakook baino urrutirago eramaten dutela. Zergatik gertatzen den hori beste kontu bat da. Agian uste dute hautesleok nahiago dugula liskarra, adostasuna ahuleziaren seinale iruditzen zaigula, horretara ohitu gaituztelako.
Publicidad
Gaur da datozen astelehen ugariren lehena.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión