Jaiak jai direnean

Gainezka egiten du biziak. Eta «horrela bizi bagina beti...» kantari hasteko gogoa sortzen zaigu barru-barrutik

PELLO ESNAL

Jaiak jai direnean, beste kolore bat hartzen du inguruak eta bestelako soinu batek betetzen airea, begien eta belarrien gozagarri. Beste zapore bat du denak. Duela gutxi bezala, auzo bateko erromerian, plaza bete jende.

Oholtzan, bi dultzainerok zabaltzen zuten soinu gozoa lau haizeetara, danbor-jole jostalaria lagun. Plazan, euskal dantza zaharrek lotzen zituzten gizonezko eta emakumezkoen eskuak; usadio zaharreko jantziak zeramatzaten soinean, alai eta dotore. Inguruan, han eta hemen, neska-mutilak salto eta brinko. Gurasoak eta aitona-amonak ere, umeen aitzakian, salto eta brinko.

Ikustekoa zen sei urteko neska bat nola inguratzen zitzaion bikote dantzari bati eta nola begiratzen zion adi-adi eta lotsagabe, keinu eta imintzio guztiak ikasi nahian. Gero, haien aurrean egiten zituen probak jolasean, zeinek zer esango axola handirik gabe. Azkenean, bikoteak ere jolas eta barre, eta neska bere jolasean kabitu ezinik. Irrintzika ere hasiko nintzen, irrintzi egiten baneki.

Izan ere, jaiak jai direnean, gainezka egiten du biziak. Jolasean jarraitzen dute umeek -ez dakite besterik egiten-, eta jolasean hasten gara helduok ere, ume izan gineneko garaiak gogoan, barruan daramagun umea behingoz eta betiko askatu nahian.

Jaietan, arinagoa ematen du denak. Errazagoa. Berezkoagoa. Lausotu egiten dira mugak, lasaitu kateak, pitzatu harresiak. Eta «horrela bizi bagina beti...» kantari hasteko gogoa sortzen zaigu barru-barrutik.

Etorriko da biharamun astuna. Eta, biharamunarekin batera, ohiko zalantzak eta balantzak. Eta hiru aukera izango ditugu eskueran.

Aukerarik errazena: hasiera-hasierako urratsera itzuli eta gamelu izan berriro, eginbeharraren menpeko, zama zamaren gain, beti «bai» eta «bai», besteren onespen merkearen bila, gero eta morroi lotuago.

Erdibideko aukera: lehoi izateari heldu, beti «ez» eta «ez», askatasunaren jabe, baina gero eta egoskorrago eta bakartiago, gamelu izan gineneko garaietara atzera egingo ote dugun beldurrez. Aukerarik zailena: behingoz haur izatea erabaki, biziaren harira bizi, berez datorrena berez hartuz, ez inoren eta ezeren morroi, ez egoskor.

Noizbait ausartuko gara ume izaten. Orduan, bide batez, gero eta jai gehiago izango ditugu bizitzan, eta gero eta biharamun arinagoak ondoren. Ordurako ikasia izango ahal dugu irrintzi egiten!