Borrar

Itxialdiari ihes

Bai horixe ·

Euskaldunok bestelakoak ginateke tabernarik gabe. Taberna ala hil

Astelehena, 18 maiatza 2020, 07:16

Comenta

Gauza ugari egiten dugun egunero, orduro eta horrek definitzen gaitu, seguruenik esaten dugunak adina. Hori edozein egunetan, edozein egoeratan. Baina, bereziki, ohiz kanpoko egoeretan, eta horien artean gutxi oraindik ere bizi dugun itxialdiaren bezain esanguratsuak.

Baimendu digute zirrikitu bat eta hortik atera zaigu barruan genuena, turrustan. Agian gehiegi esatea da hainbeste debeku beharrezkoren artean zirrikituak bizpahiru aukera utzi digunean egin duguna gure burua definitzeko gauza dela, baina gutxienez zerbait kontatzen du, zerbait adierazten du lehen egun edo ordu horretan egin dugunak.

Inguru hurbilak edo ez hain hurbilak, gehi hedabideek, esan digute hainbatentzat lehen pausoa mezetara edo gutxienez elizara joatea izan dela. Irudiek esaten digute gehienez emakumeak direla lurrean, gizonak, noski, aldarean. Baina gauza da hainbati meza falta zitzaiola, elizaren babesa falta zitzaiola, batez ere itxialdian elizaren presentzia publikoa hain txikia izan den honetan. Lehen pausoa, eliza.

Gehiago izan dira lehen pauso hori ile apaindegietara zuzendu dutenak, askotan oraindik debekatua zegoenean txanda eskatu ondoren. Horretan lan egiten dutenen esanetan, tindatzea izan da eskakizunik zabalduena edo, zehazkiago, ile zuriak eta hain gaizki ikusiak dauden ile sustraiak ezkutatzea, mozorrotzea. Ondoren ilea moztu, orraztu, baina batez ere tindatu, hori omen da emakume gehienek eskatu dutena.

Guraso zaharrak ahaztu gabe, itxialdian aldapa beheran beste pauso bat emango zutenaren beldur. Ikusi nahi ditugu, besarkatu nahi ditugu, asteotan haiekin inoiz baino gehiago komunikatu bagara ere. Berandu baino lehen egin nahi diegu bisita.

Ez dira gutxi ere zirrikitua kalera irten eta korrika egiteko erabili dutenak. Fisioterapeuten esanetan, dezakegunaren gainetik ekin diogu kirolari, amorruz ia, galdutakoa berreskuratu nahian edo sekula izan ez duguna lortu nahirik. Euritan, eguzkitan, goizean goiz, ilunabarrean.

Oraindik gehiagorentzat lehen pauso horiek taberna baterako norabidean zuzendu dira. Alboko taberna, urrutixeago dagoena, tabernarik kutunena, baina taberna. Ez gara harrituko, gure bihotzaren erdigunean baitaude tabernak, bereziki beste norbaitek topo egin nahi dugunean. Ezin diegu guraso zaharrei bisita egin, baina elkar gaitezke beraiekin taberna batean. Euskaldunok beste zerbait ginateke tabernarik gabe. Taberna ala hil.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Itxialdiari ihes