Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada

Isilka eskopetarekin

NIKOLAS ZENDOIA

Jueves, 29 de noviembre 2018, 08:16

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Badakizue mutil koskor elduen kontuak nola diran: beren aurrekoek egiten dutenei jarraitu nai. Ala zan gure garaian. Eta zenbait ekintza; isilka, jakiña! Batez ere, egiterik ez geneuzkan gauzak egitea. Esate baterako, eskopetarekin eizean ibiltzea.

Gure gaztetxo-garaian ez zan eiztari asko gure alderdian. Baiña baserri geienetan izango zan, bai, eskopeta zaarren bat. Etxeko aitak edo osaba mutilzaarren batek izango zuen. Gaiñera, etxe artan, iru txakur klase izango ziran: atariko kate-txakurra, oillagor-txakurra eta erbi-txakurra.

Ez ziran ibiliko orain bezela xoxoei eta birigarroei danbaka. Ori ez zan orduko eiztaria izatea. Zera, gaur kartutxoak balio duenarekin!

Au, bai. Atzo gauean erbiak erremolatxa jan bazuen soroan, jakiñekoa!

Aitari, osabari, eskopeta zuenari, lata emango genion gazteok:

-Guk lagunduko dizugu.

-Erbia bota bear degu illartargitan.

Baiezkoa bazan, auzoetako mutil koxkor danei abisatuko genien, bakoitza zein lekutan zai jarri eta orrelakoak. Alegia, erbia azaltzen bazan, eiztariaren puestora uxa-tzeko.

Bein orrela, danba-danba, bi tiro. An goaz zai geunden mutikoak eiztariarengana, lepoa autsi bearrean saltaka. «Botako zian» eta «botako zian».

Bota bai: azeri zaar isats aundi bat buerdaka. Eta atzetik zijoakion txakur gizajoa kalintxaz, perdigoi mordo bat ipurtaldean zuela.

An amaitu ziran gaueko erbi-eiztatzeak. Garbi geratu zan gaueko erbia zaintzen ez giñala gu bakarrik; azeria ere bai. Baiña ark ere ez zuen geiago zainduko.

Baiña bereala asi giñan isilka etxeko eskopeta zaarra artu eta ibilaldiak egiten. Edo asi nintzan, obeto esanda. Ni bait nintzan ikusitako guztia probatu bearreko pikaroa eta ipurtariña.

Leen aldiz eizatutako egaztiaren kolorea eta leenengo erositako kotxearen matrikula-zenbakia izaten omen dira gogoan geratzen diranak. Eta ez da dana gezurra.

Simca 1.000 zaar gorri aren zenbakia: 61280 SS. Eta aita ferian zala, illunabarrean zakua burutik nuela bota nuen itsas aatearen kolorea: buru-jira berde illun brilloduna, begi-jira gorriak, ego-gaiñak urdin bixi-bixiak, isatsa ere iru bat barratxorekin, txuri berde beltxa; gaiñerakoa, grisa.

Orduan uste nuen munduko artistarik aundiena nintzala. Eta zer eskaskeria egin nuen: aate gaixo bat bota!

Baiña asieran aipatu dedana: aurrekoek zer egin oi zuten, uraxe egitera. Tiroa tira, beintzat.

Aitona Joxe Manuelek ere izango zuen erru pixkaren bat orretan; izan ere, ark erakusten zigun nola manejatzen zan kaiñu bakarreko 'Laputxe' zaar ura, mandioko kutxa zaarrean gordeta zuena.

Arma zaar uraxe zan itsas aatea bota nuena ere. Erdoi puxka batekin bazegoen ere, illunabar artan artu zuen oliotu ederra, eta igurtzi kariñosorik.

Lumatzeko ez ezik, jateko ere ez da samurra itsas aatea. Anaia Felix zana eta biok aalegindu giñan lumatu lardaska ematen.

-Aiba, ama. Sartu leenbaileen labean.

-Au ez zegok, beintzat, orrela labean sartzerik eta!

Leenego, larruaren luma-goatak sutan erre, eta sasta labera. Lanak azkar egiñarazi nai genizkion amari.

Baiña bai zailla jaten! Nik gaur dauzkadan ortzekin ez nian berealakoan txikituko.

Ura egun pare batean ozkailluan-edo eduki ezkero, samurragoa izango zan. Baiña orduan ozkaillurik zanik ere...

Eta izan balitz ere, ez genion utziko amari an edukitzen. Zer txatxua izaten dan gaztea! Ama, berriz, beti ama: umeek zer nai, ura egiteko prest.

Baiña etxeko eiztariak udazkenean artzen zuen eskopeta geienbat. Uso-pasean, alegia. Gu gaztetxoentzako ere ura zan gustoko genuen eiz-garaia. Egoaize-giroa, eguraldi ederrak eta mendi-tontor guztietan, dinbi-danba otsa.

Ala ere, etxeko nagusiek edo etxeko aitek belarretara eta garotara joaterakoan artzen zuten arma, gurdi edo idi-parearen buruetan, buru-sokan amarratuta, aizkora txiki batekin: txosna egiteko zuten aizkora txikia.

Eguerdi batekoa gogoan det. Bi edo iru mutiko eta morroia giñan garotara joanak aitarekin, Sagarmaneta aldeko garaman aundira. Artean, idien burutan zeukan eskopeta aitak.

Eta guk, mutikook:

-Aita, badatoz, badatoz!

-Makurtu zaitezte, ba, pixka bat...

Eta an jarri giñan lau ankan, ganaduak bezela. Ganaduen ingurutik pasa zalea da usoa, eta ez gizakiak dabiltzan lekutik.

Orrela, gure aita ark, danba-danba, kargatzen ari giñan gurdi garoaren ondotik.

Basoetan beera uso bakarren bat joana zan erituta. Tiroekin beldurtuta gure idi gorriek ere bai, garamanean zear martxa ederrean. Gurdian ziran garoak leku ederrean geratu ziran!

Morroia, Inazio Artañola, aserre:

-Orain, berriz kargatu bear.

Ez zan, ba, mutil txarra. Baiña lan bera bi aldiz egin bearra ere...

Aita ez zan, ba, parre errezekoa, baiña irri txikiren bat irten zitzaion. Ez zan gutxiagotarako.

Nere isilkako eiza, berriz, ondorengo neguan bota nuen oillagorrarekin amaitu zan. Leengo asteko prosan, sail onetan aipatzen nuena.

Bein oillagorra bota ezkero, etxeko baimena zegoela, alegia. Itsas aatea botatako negu bera. Ura zan, ba, Karmengo Amari eskerrak emanaz errosarioa errezatu nuena, gauean oera joandakoan.

Praixku Sagarmaneta

etxetik begira.

Ikusi zuenean

gure ango jira:

«ez dik usorik bota

naiz bi tiro tira,

ta berriz jaso bear

garoa gurdira».

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios