Borrar

Iritzi aldaketak

Bai horixe ·

Aldaketen eta egonkortasunaren arteko tirabira bukaezina

Astelehena, 4 azaroa 2019, 06:49

Comenta

Nik behintzat aise antzematen dut, edo hori diot neure buruari, eztabaida batean nork botatzen dituen aurrez fabrikatutako ideiak, iritzi fosilduak, oinordetzan jasoak, hitzez hitz errepikatutakoak, aldaerarik txikiena onartzen ez dutenak. Agian ni eztabaida horretan parte hartzen ari naizenean norbaitek horixe pentsatzen du esaten dudanaz, hori gerta ez dadin egunero ahalegintzen banaiz ere.

Ulertzen dut erosoa izan daitekeela ideiak fintzen, hobetzen ez ahalegintzea, buruz ikasitako kristau ikasbidea errepikatzen duen haurraren antzera. Baina lastertasun osoan aldatzen den errealitatearen eragina ekiditeko, harresiak fabrikatu behar dira, ezkutuak altxa behar dira, entzungorrarena egin behar da eta horrek ere lana eskatzen du.

Beti iruditu zait tristea norbaitek esaten duenean ez dela hamarralditan batere aldatu, zahartzaroan gaztaroan bezalakoxea dela, zimurrak eta ajeak gora behera. Zertan eman duzu bizitza, galdetuko nioke halakoari, ausartuko banintz, ez zara itotzen hainbeste urtetan aldaezin jarraitu duen oskolaren barruan, ez duzu hamarralditan ezer berririk ikasi?

Eta bai, gauza bat da malgutasuna, bizitzari egokitzeko gaitasuna, zure burua gertatzen ari denari, bizitakoari, bilakatu zarenari, ikasitakoari egokitzeko gaitasuna eta bestea printzipiorik eza. Ez badituzu gustuko nire printzipioak, ez larritu, baditut beste batzuk sakelan. Gauza bat baita egoskorkeria itsua eta bestea zinismoa.

Oreka kontua, berriz ere, aldaketen eta egonkortasunaren arteko tirabira bukaezina. Norbanakoarena eta erakundeena, are alderdi politikoena. Zer dugu nahiago hautesleok, betidanik irtenbide aldaezin bera proposatu duen alderdia ala egoera aldatu ahala sortutako arazoei emandako irtenbideak aldatu dituena, kostata izan bada ere?

Niretzat hobe irtenbideak errealitateari egokitzen dituen alderdia, baina, eta hor dago koska, aingura ukatu gabe edo, gutxienez, norabidea aldatzen duten bakoitzean ibilbidearen arrazoiak azalduz, zergatiak. Gehiegi eskatzea da, jakin badakit, autokritika besteari eskatzen zaion zerbait delako, inolaz ere ez nork bere buruari zor dion zerbait.

Eta halere, hautesleon zati handi batek ez du sekula santan betidanik emandako botoa aldatuko, edozer gertatzen dela ere. Hegoak baino areago maite dituelako aingurak edo ez dutelako kontu horretan indarrik erre nahi.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Iritzi aldaketak