Borrar
Egin kontu

Tanta

Ni euri tanta banintz egingo nuke... Ez pentsa, jolas polita da txirrist zein sudurretan egin nahi duzun erabakitzea

Jueves, 3 de julio 2025, 02:00

Batzuetan beroa lehertu egiten da. Horrelakoa da uda. Bero egiten du eta negar. Noizean behin dena batera. Trumoi eta guzti. Halaxe gertatu zen asteartean. Batzuetan pentsatzen dut ezin dela izan beroa baino beroagoa den egoerarik. Edo neguan hotza baino hotzagoa den azal sentitzerik. Egon behar duela muga bat. Eta hortik gorako guztia dela mugako beroaren parekoa. Halako beroa egiten zuen asteartean. Bero-beroa. Ezin beroagoa. Igerilekua lepo. To bero gehiago elkarri. Baina ez gara dona-dona-katona hasiko uretatik nork atera behar duen erabakitzeko. Denok ala inork ez. Ba, denak kanpora. Nork agindu du euria ia lainorik ere ez dagoenean? Tanta bat eta bi tanta, irri egin du batek, karkara besteak, hiru tanta eta lau tanta, total uretan euria, bost tanta eta sei tanta, hau ez da ezer izango, zazpi tanta eta zortzi tanta, orain mugitzen hastea ere pena da ba, bederatzi tanta eta hamar tanta, berehala hustu dira ur eta zelai guneak. Euritan dantza egin du askok, toalla tapaki, kalean behera. Bustia bustitzea ere ez baita hainbesterakoa.

Halako egoera zelebreetan abiadura azeleratu ordez, egonean izozteko ohitura dugu batzuok. Nik, adibidez. Egoeraren karikatura egin eta zer idatzia asmatzeko aitzakiak marraztekoa. Ni euri tanta banintz egingo nuke... Eta zopa-zopa, begiak han goiko lainoetara eraman, euri tanta bat aukeratu eta berarekin trazatu nuen asteartean txirrist egin bitarteko bidea. Ez pentsa, jolas polita da txirrist zein sudurretan egin nahi duzun erabakitzea. Ondorengo saltoa eta sabel-zimikoa ez baita bera izango sudur batean edo bestean. Bai, zer egingo diogu ba, sudurra ere, nork berea. Eta onartu egin behar. Ze erremedio. Tira, aukeratu nuen euri tanta eta itsatsi nintzaion gerrira. Ez sinestekoa da euri tanta batek euri tanta izate hutsagatik hartzen duen abiadura. Horrela ezinezkoa da non lurreratu aukeratzea. Bizitzari begiak ixten badizkiogu horixe gertatzen da ordea, guk bera ez eta bizitzak berak aukeratzen gaituela gu bere gutizietarako. Norbaiten poltsa barruko zorro baten barnera egin nuen irrist. Begiak ireki nituenean tanta bat nintzen kobazulo baten iluntasunean. Agian busti nuen busti behar ez nuen zerbait. Ez dizuet kontatuko zer. Ez dizuet kontatuko nola atera nintzen handik. Ez dizuet kontatuko hau guztia zertarako. Tarteka irakurleak lan pixka bat egin behar duela erabakitzen du idazleak; ez du beti idazleak egingo irakurleak erabakitzen duena.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Tanta