Secciones
Servicios
Destacamos
Liburu potolo-potolo bat izan dut esku artean egunotan. Potolo-potolo-potoloa. Potolo-potolo-potolo-potoloa. Potoloa azal eta mami. Duela urtebete ikusi zuen argia eta bide labur hau sari, aipamen eta argitalpen berriz bete du. 'La llamada'. Leila Guerreiro idazle, kazetari eta editore argentinarrak idatzia. Erretratu bat. Silvia Labayrurena. Urte eta erdi pasatxoan Leilak Silviari egindako elkarrizketa ugaritatik sortutako kontaketa da. Bizitza bat. Hari solte hautsiek sostengatzen duten korapilo oso konplexua.
Argentina, 70eko hamarkada, Montoneroak, diktadura, desagerpenak, tortura, bortxaketak, zapalketa, bazterketa, erbestea, salaketak, matxismoa, hilketak, kritika, autokritika, maitasuna, sexua, plazera, memoria, ahanztura, ESMA, seme-alabak, gurasoak, duintasuna, leialtasuna, biziraupena, erresilientzia. Terrorismoa. Estatua. Bermea. Biktima izatea zer den, giza duintasunaren sostengu zerk behar lukeen. Aitortza. Erreparazioa. Justizia. Indarkeria bere gordinean. Kakatza. Eta, hala ere, bizitza.
Silvia Labayru bahitu, torturatu eta bortxatu egin zuten militarrek ESMAn, Argentinako 1976-1983 diktadura aldian. Haurdun zela bahitu zuten. Bost hilabeteko zegoela. ESMAko mahai baten gainean erditu zen. Hantxe jaio zen Vera. Biziraun zuten gutxi horietako bat izan zen Silvia. Eta aske utzi zutenean, inguruak mesfidati baztertu zuen, susmagarri bihurtu zuten. Hain zuzen ere horregatik. Bizirauteagatik. Nola, zergatik, zer dela-eta lortu zuen bizirautea? Zer egin zuen bizitzari lotua aurrera egin ahal izateko bost mila pertsona bahitu, torturatu eta hil zituzten infernu hartan?
Inoiz ez bezala, pasarte ezberdinei argazkiak atera eta WhatsAppez partekatu ditut horiek lankide, lagun eta etxekoekin. Liburu batek balio duenean, geratu eta egoteko, geratu eta egon egin behar da. Liburu batek balio duenean, begiratu eta ikusteko, begiratu eta ikusi egin behar da. Liburu batek balio duenean, joan eta ekartzeko, joan eta ekarri egin behar da. Liburu batek balio duenean, hausnartu eta eztabaidatzeko, hausnartu eta eztabaidatu egin behar da. Liburu batek balio duen mina sentitzeko, mina sentitu behar da. Eta erabaki min horrekin zer egin.
Potolo-potolo-potoloa da 'La llamada' liburua. Oso potoloa. Pisu handikoa. Gainean eraman beharrekoa. Nekea sentiarazten duten horietakoa. Arnas eske hauspoa estutzen duena. Bulkada luze bat da. Belarrian atximur bat. Dei bat.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.