Irakasleen kezkak
Bai horixe ·
Kexu dira, haserre daude eta ez dute irtenbide argirik ikustenBost emakume mahai baten inguruan, kafe bana aurrean, arratsaldeak eguzkia apaldu duenean, itsasertzeko terraza batean, berriketan. Irakaskuntzaz ari dira, baina ez guraso edo antzekoen ikuspuntutik, langileenetik baizik. Irakasleak dira eta itxuraren arabera, bik eginak dituzte erretirorako falta zaien denboraren inguruko kontuak eta gazteenak apenas lortuko zuen lanpostu finkoa.
Kezkatuak daude, guztiz, haserre puntu nabarmen batekin. Egun mordoxka gelditzen zaie lanera itzultzeko eta guztia airean dagoela sumatzen dute, ez dakitela nondik eta nola ekingo dioten ikasturteari, are arriskuan daudela. Halako batean, gazteenak sakelako telefonoa poltsatik atera eta zerbait erakusten die besteei. Banan bana begiratzen diote argazkiari edo dena delakoari eta ahasperen batez pasatzen diote tramankulua aldamenekoari. Tristeak dira irribarreak.
Tsunami hitza aipatzen du batek eta berehala adosten dute horren aurrean daudela, tsunami baten atarian babesgabe. Hortik aurrera bakoitzak xehetasun bat aipatzen du: ez dutela irakasle kopurua gehitu, osagile lana ere egin beharko dutela, denbora gehiago emango dutela haurrei segurtasun aginduak ematen irakasten baino, jaso dituzten arauak beteezinak direla, gurasoek presa gehiegi dutela haurrak gainetik ken-tzeko.
Langileak dira, oporren bukaeran daude eta lanera itzultzeak ez die ilusio izpirik eragiten, edo behintzat ez dute horrelakorik aipatzen. Kexu dira, haserre daude eta ez dute irtenbidea argi ikusten. Ikasturtearen hasieraren atzerapena da aipatzen duten aukera posible bakarra. Zaharrenak dio irakasleak bikoiztuta ere ez litzatekeela guztia konponduko, ikastetxeen baliabideak ezin direlako bikoiztu.
Grisa da emakumeei darien kolorerik argiena, gris iluna, beltzetik hurbil. Zaharrenak dio gaztetan ezagutu zituela ikastolen urte ilunen ezintasunak, baina pandemiak ez duela parekorik. Isilune bat gertatzen da ondoren, aspaldiko lehena. Koreografia baten moduan, katiluetara daramate eskuina.
Ondoren, sindikatuek dituzte min-tzagai, esaten dutenez bostetatik bat bera ere sindikatu baten kide ez bada ere. Hor ere ez dute behar duten babesa ikusten. Gazteenak dio ikasturtea hasi hasiko dela, baina berehala itxiko dituztela eskolak bazter guztietan, hamaika gaixo eragin ondoren. Beranduegi.
Eta pentsatu, duela gutxi arte, gurea munduko lanbiderik hoberena zela uste nuela, botatzen du zaharrenak.