FOTOLIA

Hezkuntza, armarik ahaltsuena (II)

Imanol Artola Altuna

Lunes, 13 de octubre 2025, 02:00

Mundua kaos aro baterantz doa. NBEko idazkari nagusia den Antonio Guterresen esaldi gordin hau izan zen egunkari honetan idatzi genuen azken artikuluaren abiapuntua. Diagnostiko horren oinarri diren gatazka armatuen, giza eskubideen urraketen, egiturazko arrakala sozialaren, polarizazio politikoaren, klima krisiaren eta teknologia berrien kontrolik ezaren aurrean berehalako neurriak hartu, eta sakoneko arazo horien irtenbiderako giltza izan daitezkeenak aurkitu beharraz aritu ginen, guztien artean bat nabarmenduz: Nelson Mandelaren esanetan armarik ahaltsuena den hezkuntza. Horiek horrela, sortzen den galdera argia da: Zein hezkuntza ereduk ahalbidetu ahal izango du hori? Erantzun egokia izan daitekeena aurkitzeko prozesuan, ezinbestekoa da hiru eremu ongi diseinatu eta finkatzea: batetik, osatu nahi den hezkuntza ereduaren zutabeen euskarri izango den orubea; bestetik, orube horretan eraikiko den hezkuntza eredu horri forma emango dion marko teorikoa; eta hirugarrenik, marko teoriko hori ikastetxe zein gela bakoitzean garatu ahal izateko hezkuntza proiektu zehatz eta osoa. Orubeari dagokionez, tokian-tokian beharrezkoak diren hezkuntza baliabideak gauzatu ahal izateko nazioarteko herrialde eta erakundeen adostasun eta konpromezu finkoak osatu beharko luke beronen funtsa, heziketa-lan horri eskolak bere kabuz bakarrik ezin baitio erantzun, eta horrenbestez behar-beharrezkoa duelako tribuko eragile desberdinen arteko parte-hartzea.

Publicidad

Asmo horri begira, UNESCOk oso kontuan hartzeko moduko txosten filosofiko, etiko eta politikoa argitaratu du. 'Gure etorkizunak elkarrekin berrirudikatuz: hezkuntzarako kontratu sozial berri bat' du izenburu, 140 herrialdetako milioi bat lagunetik gorari egindako galdeketak ditu abiapuntu, eta nazioarteko hainbat erakunde garrantzitsuren babesa dauka, hala nola, UNICEF, ELGE, Munduko bankua eta besterena. Txosten horretan sakoneko aldaketak egin beharra adierazten da, beste hainbaten artean, ikasleei ezagutza teknikoak helarazteaz gaindi, begirada haratago jasotzea; balio etiko unibertsaletan oinarrituta legokeen begirada berri horrek, giza eskubideak, justizia soziala eta solidaritza izango lituzke ardatz.

Marko teorikoari dagokionez, eredu berriak aldakorra, konplexua eta ziurgabetasunez betea den egungo errealitatearen aurrean gizakioi erantzun egokiak ematea ahalbidetuko diguten jakintza zientifiko, humanistiko, teknologiko eta etikoak transmititzeko baliabideak eskaini beharko lizkigukeela kontuan izanik, oso interesgarriak dira hainbat adituren (Martha C. Nussbaum, Edgar Morin,...) proposamenak. Egokiena, zernahi gisaz, José Antonio Marina filosofo, pedagogo eta idazleak egiten duena da (Gizateriaren biografia. Kulturen bilakaeraren historia. Ariel. 2018). Marinak hezkuntza sistemetan Hirugarren belaunaldiko humanismoa deritzona aplikatzea proposatzen du. Bere esanetan, Berpizkunde garaian humanismo jainkotiarretik gizatiarrera pasa osteko Lehen belaunaldiko humanismoa izenekoaren, eta XIX. mendean eman zen zientzia hutsen eta gizarte zientzien arteko zatiketak ekarritako Bigarren belaunaldiko humanismoaren ondoren, hirugarren honek jakintzaren ikuspegi bateratu bat abian jartzea planteatzen du, oinarri etikoetatik abiatuta eta bereizkeriarik gabe, unean uneko arazoei letren zein zientzien eremuetatik, elkar hartuta irtenbideak emango dizkiena. Ez gara arlo guztietan adituak izango, baina gutxienik jakingo dugu bakoitza zertan datzan eta zein zentzu daukan. Adostutako orubean eraikitako marko teorikoaren zehaztapenari dagokionez, ezinbestekoa izango da ikasleak bere burua ongi ezagutzeko aukera emango dion hezkuntza proiektua osatzea, bere-bereak dituen bokazioak identifikatu zein garatzea ahalbidetu, eta formakuntzari zentzua emango diona.

Oso kontuan hartzekoa da Javier Cortés marianista eta hezkuntzan aritu zein adituaren planteamendua. Helburu nagusia ikasle bakoitza, pertsona den heinean, bere dimentsio guztietan goren mailara iristea izango da. Horretarako, dimentsio horietako bakoitzarekin lotura estua izango duten hezkuntza-garapenerako zortzi eremu handitan mamituko den hezkuntza proiektua aurkezten digu: komunikazioa, etika eta elkarbizitza, herriak eta kulturak, barnekotasuna eta erlijioa, zientzia eta teknologia, gorputzaren garapena, naturarekiko harremana, eta adierazpen artistikoa. Aurrez aipatzen genuen begirada jasotzeko oso lagungarri izango den dimentsio zein eremukako lanketa honek, non ikasgaiak helburu gorenak lortzeko bitartekoak izango baitira, ikasleei, irakasleei eta hezkuntza-komunitateari oro har beren eguneroko jardunari zentzua eman, eta molde pedagogiko berezia eraiki eta egikaritzen lagunduko die.

Garaiz gabiltza Guterresek aurreikusten duen kaos aroranzko bidea saihestu, eta hezkuntzaren bidez gaurko haur zein gazte eta biharko heldu zein agintari izango direnen eskutik mundu hobe bat eraikitzeko.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad