Ileak eta kalparrak
BAI HORIXE ·
Etengabea da emakume askok ileen kontra daraman borrokaBirus honek menperatu gintuenetik askotan entzun da pandemiak hobetu egingo gaituela, halabeharrez ikasiko dugula pertsonago egingo gaituen zerbait, dela etxeko lanen banaketa berdintzailexeagoa, dela aldamenekoarekiko solidaritatea edo elkartasunaren abantailak. Hala bedi, historiak horretarako itxaropen handia eskaintzen ez badigu ere.
Ez nekiena da zer nolako garrantzia duen ile apaindegiak askorentzat. Toledoko herri batean kalean lanean ari ziren polizia batzuk ilea primeran ebakia omen zeraman gazte bat ikusi zuten. Eta susmagarria egin zitzaien orrazkera hain findua. Hariari tiraka heldu ziren klandestinoki lanean ari zen ile apaindegi batera. Bertan aurkitu zituzten hiru gizon gazte, kalparra moztuta.
Itxialdian zirrikitu bat zabaldu zenetik, entzun ditugu ile apaindegietako jabe eta langileak esanez bezeroak etsiak hartuta zeudela, zerbitzua noiz zabalduko zain, itxarote zerrenda gainezka zutela eta halere egunero dozenaka dei jasotzen zutela, larrialdi seinaleak bidaliz. Batek baino gehiagok esan du ondo orraztua egotea terapia dela, ez gutizia.Beste kontu bat da zer den ondo orraztua egotea.
Eta ez emakumeak bakarrik, presio bera baitute gizonezkoentzako ile apaindegi edo bizartegiak. Baina bai emakumeak bereziki. Ba omen daude oraindik astero ile apaindegira joaten diren emakumeak, itxialdia gertatu aurretik sekula burua etxean garbitu ez dutenak, pandemiari esker esperientzia hori izan behar izan dutenak.
Eta gero ile tindatuak daude, gutxienez hilero ukitu bat eskatzen dutenak. Pandemiaren eraginez ile apaindegien hutsunea supermerkatuek bete dute, ilea tindatzeko artisau erak. Edozer kolorerik gabekoak omen diren sustraiak ezkutatu ahal izateko. Askok uste baitu ilearen sustrai zuriek zikin itxura ematen dutela, zabarkeria adierazten dutela, emakumeon gorputzen gainerako biloak bezalaxe. Etengabea da emakume askok biloen kontra daraman borroka, are itxialdian.
Batzuk, berriz (nik hiru ezagutzen ditut inguruan eta laugarren bat zalantzatan) borroka hori bazter uztea erabaki dute itxialdian: ez dute aurrerantzean ilea tindatuko, lehen ezkutatzen zutena begi bistan utziko dute, kaskazuri bilakatuko dira, bilakatzen ari dira asteotan eta horrekin batera ustez betikoa den araua hausten dute, uko egiten diote itxura gazteagoa lortzera behartzen gaituen idatzi gabeko legeari.
Eta horrela gogoratuko dute noiz gertatu zen aldaketa, koronabirusaren urtean.