Borrar

G7, hutsaren hurrengoa

IÑIGO LAMARCA ITURBE

Sábado, 17 de agosto 2019, 11:37

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Urtean behin, 'ahaltsuenak' diren estatuetako buruzagiek bilera bat antolatzen dute mundu mailan zenbait gairi buruz hitz egiteko eta beren politikak koordinatzeko. Ameriketako Estatu Batuak (AEB), Kanada, Erresuma Batua, Alemania, Frantzia, Italia eta Japonia dira talde informal hori osatzen dutenak (ez dago organorik edo nazioarteko trataturik G7 instituzionalki artikulatzen duenik). Europar Batasunako agintariek ere parte hartzen dute. Aurten Frantziari tokatzen zaio topaketa antolatzea eta Macron presidenteak Miarritzen egitea erabaki du. Nahiz eta abuztuaren 24tik 26ra izango den bilera, segurtasun neurriak (gehiegizkoak, neurrigabeak) jasaten ari gara jada mugan. Komertzioa izango da (hobeki esan, AEB eta Txinaren artean sortu den gerra komertziala) eztabaidagai nagusia. Kriptomonetak, nazioarteko harremanak, segurtasuna eta terrorismoa, eta desberdintasuna (estatuen artekoa zein herritarren artekoa) ere izango dira aztergai. Balio al du zerbaiterako G7ak? Nire ustez, balio bakarra hauxe da: buruzagi politiko ahaltsuenen artean harreman pertsonal egokiak sortzea eta indartzea. Ez da, nire ustez, neurri eraginkorrik hartuko. Gehienez ere, zenbait konpromiso hartuko dituzte. Baina konpromiso horiek antzuak izan ohi dira.

G7 Gerra Hotzaren hondakina dela esan dezakegu. Mendebaldeko potentzien elkargune bat. Gerra hori bukatu eta gero, Errusiari talde pribilegiatu horretan parte hartzen utzi zitzaion (ondorioz G8 izena hartu zuen), baina hark Krimea inbaditu zuenean debekua ezarri zitzaion. Dena den, Macronek bilera egingo du Putinekin datorren astelehenean. Guztiz zentzugabea da, nolanahi ere, Txina ez egotea G7n. Nazioarteko komertzioaz serio hitz egin nahi bada, herrialde erraldoi horrekin kontatu beharra dago, derrigorrez. Are gehiago, barne-produktu gordinari bagagozkio, Italia edo Kanadaren aurretik mordoxka bat herrialde daude gaur egun. Multipolarra den munduan, nazioarte mailako gaiez hitz egiteko nahitaezkoa da Txina, Errusia, India, Indonesia, Hego Korea, Nigeria, Hego Afrika, Brasil edo Mexiko egotea. Egia da G20 taldea sortu zela, zeina ekonomiaren araberako zerrendan aurreneko hogei postuetan dauden estatuek osatzen baitute (Osakan bildu ziren joan den ekainean). Baina hori ere ez da eraginkorra. Gainera, nazioarte mailako gaiez jarduteko, badaude erabakiak har ditzaketen erakundeak: Nazio Batuak, Mundu Merkataritza Erakundea (OMC, gaztelaniaz) eta abar. Zertarako, bada, horrenbeste parafernalia G7rekin?

Herritarren (eta planeta beraren) arazoak benetan konpondu nahi badituzte Miarritzen egingo den bileran, badute zereginik franko. Hasteko, krisi klimatikoa. Nabarmena da, dagoeneko, oso larria dela gertatzen ari dena. Neurri erradikalak ez badira hartzen berehala, sekulako kalteak jasango ditugu datozen hamarkadetan. Baina diruak ahaltsuen borondate eta jarduerak (ia) erabat baldintzatzen dituen honetan, itxaropenak bidezidor oso zaila du aurrera egiteko. Hala eta guztiz, herri mugimenduak gero eta indar handiagoa ari dira hartzen (Friday for Future ekimena asko ari da zabaltzen; Extinction Rebellion taldeak, berriz, indar handia hartu du Londresen; Eskandinavian, ibilbide laburretarako hegazkina ez erabiltzea ari dira proposatzen...). Halaber, agenda berdea duten partidu politikoak gero eta indartsuagoak dira. Azken sorpresa izan da Bavariako alderdi sozial-kristau kontserbadoreak ingurumenari eta ekologiari buruzko zenbait proposamen sartu dituela bere programan. Estatu Batuetan ere, alderdi demokratako hautagaiek gero eta sutsuago defenditzen dute krisi klimatikoari berehala eta sakon egin behar zaiola aurre (Green New Deal ekimenak gero eta defendatzaile gehiago ditu). Lehorteak eta desertifikazioa hazten ari dira Afrikako mendebaldean eta horrekin batera nekazaritzarako lurzoruak eta elikagaiak gutxitzen ari dira. FAOren arabera, 29,2 milioi lagun daude Sahel erregioan goseak edo gosea izateko arriskuan. Ingurugiroari lotuta, energiaren kontua dago. Energia garbiak erabili beharko genituzke, baina horretarako dirutza handia inbertitu beharko litzateke ikerkuntzan eta energia ekoizten duten enpresei, eta beren langileei, trantsizio eta eraldatze egokiak ahalbidetzeko. Baina horren ordez, borroka bizian dabiltza Europako politikako eta ekonomiako goi agintariak gasaren kontura: Azerbaijanekin egin tratua Hegoaldeko Gas Korridorea eginez, ala Alemania eta Errusiaren arteko Nord Stream 2 proiektua onetsi. Bestetik, Zipreren inguruko uretan deskubritu dituzten gas poltsek hautsak harrotu dituzte Turkia eta Greziaren artean. Ziprek, Greziak eta Israelek hitzarmen bat izenpetu zuten, EastMed gas-hodia egiteko. Baina bestetik Israelek Turkiarekin hitzarmen bat izenpetu zuen duela hiru urte... Helduko al diete gai hauei G7ren bileran?

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios