Hilerokoa eta menopausia
Bai horixe ·
Hasiera laino artean gertatzen bada, are ilunagoa da bukaeraKoloreak sailkatzeko eta izendatzeko sistema da Pantone, ez bakarra baina, seguru aski, ezagunena. Milatik gora dira enpresa honek izendatutako koloreak eta haien artean gorri berri bat sailkatu du egunotan, hileroko gorria. Adierazi dutenez, hilerokoaren inguruko tabua desegiteko asmoz eman dute pausoa.
Badago egiaren zerbait arrazoi horretan, oraindik ere kosta egiten delako jendaurrean eta goraki hilerokoa aipatzea. Duela mende erdi guztiz aipaezina zen hilerokoa, xuxurlatu egin behar zen, ezkutatu, batez ere gizonezkoen aurrean, lotsagarrikeria zelako, gaixotasun baten pareko. Eta era guztietako kalteak leporatzen zitzaizkion hilerokoari, aje askotako iturburutzat jotzen zen.
Are gehiago, joan den mendearen erdialdean ez ziren oraindik itzali iraganetik zetozen madarikazioak. Etxean ikasi nuen XX. mendearen hasieran uste zutela hilerokoa zuen emakume batek ezin zuela maionesa egin, ezin zituela olioa eta arrautza lotu. Are gehiago, ez zen maionesarik lortuko gela hartan hilerokoa zuen emakume bakar bat bazegoen, hark maionesaren ontzia ukitzen ez bazuen ere. Eta horrelako hamaika gehiago, guztiak onurarik gabeko kalteak.
Honezkero ahuldu da zertxobait tabua, kendu zaio hilekoari elezahar beltzaren zatitxo bat, baina oraindik ere ezkutatu behar den zerbait da. Adibide bakarra jartzearren, konpresak saltzeko egiten diren iragarkietan hilerokoaren odola urdindu egiten dute, emakume guztiok odol urdina bagenu bezala. Eta, halere, munduko emakume guztiek, munduko populazioaren erdiak, hilero isuriko dute odola bizitzaren zati handi batean, bataz beste, berrogei urtez, guztira ia bostehun aldiz. Isilean, hori bai, disimuluan.
Baina hilerokoaren tabua ez da hilerokoarekin bukatzen. Hasiera laino artean gertatzen bada, bukaera are ilunagoa da. Oraindik ere menopausia aipaezina da, berrogei urtetako lotsak lotsa handiagoa erditzen du. Niri tokatu zitzaidanean, menopausia ulertzeko libururen bat eskatu nion ginekologoari, ia nekien guztia mitoek ziotena zelako, ez zientziak frogatutakoa eta erantzun zidan liburu gutxi zeudela menopausiaren inguruan. Haurdunaldiari buruz, ordea, milaka liburu daude bazter guztietan eta emakume guztiak ez dira ama izango, baina guztiak, lehenago hiltzen ez badira, helduko dira menopausiara.
Hilerokoak era guztietako kalteak sortzen baditu, beste hainbat leporatzen zaio menopausiari. Emakume izatearen madarikazioa.