Haurrak garrasika
Bai horixe ·
Noraino norberaren eskubidea, noraino irakatsi behar zaie haurrei gizalegeaSoziedade batean bazkaltzen ari zara lagunartean eta beste mahai batean. familia osoa dago, gurasoak eta bi haur, sei zazpi urte inguruko haurrak. Ezkutaketetara jolasten hasi dira eta hasieran grazia egiten dizu neska zuen mahai azpian gordetzen denean eta arreba non dagoen aurkitu ondoren mutilak botatzen dituen marru eta algarak ere jasangarriak iruditzen zaizkizu.
Enegarren aldiz garrasika hasten direnean, mahai artean korrika, neska mutilaren atzetik edo alderantziz, gurasoen mahaira begiratzen duzu eta han ikusten dituzu, jaten eta elkarrekin hitz egiten, lasai asko. Ikasi behar izan dute garrasiei garrantzia kentzen, errepide baten ondoan bizi direnek trafikoaren soinua ez entzuten ikasten duten bezala.
Haurrak bertako errege-erregina bihurtu dira eta inork ez du ezer esaten, baina bazkaltiar guztiak asaldatuak daude, batzuk sekula haurrik izan ez dutelako eta gainerakook gure seme-alabek aspaldian urrundu zirelako zalaparta mota horretatik. Guztioi ausardia falta zaigulako, ez dezaten esan intoleranteak garenik.
Eten dira elkarrizketa guztiak, gurasoena ezik. Agian gurasoen arreta biltzen ez dutelako, haurrek minutuz minutu igotzen dute garrasien indarra eta lasterketen abiadura. Seguru mahai guztietan hori dela elkarrizketen gaia. Noraino heltzen den norberaren eskubidea, noraino irakatsi behar zaien haurrei gizalegea.
Noski, heldu gehienek aipatuko dute 'lehen' ez zela horrelakorik gertatzen eta hala da, besteak beste orduan soziedadeetan gizonak bakarrik ibiltzen zirelako, ez haur ez emakume. Beste batzuk esango dute gaurko haurrak lardaskatu egiten ditugula, utzikeria eta askatasuna ez direla gauza bera, gurasoena dela errua.
Bitartean, haurrak lainezaz gainezka eta gurasoak berriketa gozoan. Halako batean aldameneko mahaiko emakume bat altxa eta haurrei isiltzeko eta baretzeko esan dien arte. Haurrei, ez gurasoei. Hor sortu da iskanbila, hor lehertu ekaitza.
Haurren aitak, beste mundu batetik lurrera heltzen denaren harriduraz, esaten dio emakumeari jarrera horiek esplikatzen dutela zergatik jaiotzen diren hain haur gutxi gurean. Bost minuturen buruan bertako gehienak daude haserre bizian.
Bi irtenbide daude: familia zaratatsuak alde egin edo gainerakook bertatik atera. Biak batera gertatu ziren minutu gutxiren buruan. Hutsik gelditu zen soziedadea.