Harrotasuna, harrokeria

Armairutik ateratzeak edonorentzat eskatzen du ausardia, are gaur egun

ARANTXA URRETABIZKAIA

Begiratzen duzu edozein hiztegitan 'orgullo' hitza eta hasiera berdina baina bukaera desberdinak dituzten bi hitzekin egiten duzu topo: harrokeria eta harrotasuna. Seguruenik, bigarrena litzateke aproposena uda hasiera honetan ia edonon ospatzen den jaialdia aipatzeko. Gay harrotasuna. Naizenaz harro.

Bukaerak argi adierazten du 'harrokeria' ez dela sentikizun baikorra. Harrotasuna, ordea, malguagoa da eta, halere, beti harritu nau zer nolako arinkeriaz erabiltzen den hitz hori. Honetaz harro nago edo hartaz harrotzen naiz. Zergatik, zer egin duzu zuk sentikizun hori bizi ahal izateko?

Adibidez, euskaldun izateaz harro nago, entzun edo irakurtzen duzu eta hori dioenak zer esan nahi duen ulertu nahi baduzu, galdetu beharko diozu zer egin duen berak harrotzen duen hori lortzeko. Agian familia euskaldun batetan sortu da eta etxean ikasi zuen euskara, txikitan. Kasu horretan, harrotasun bakarra etxean jasotako hizkuntza gorde izanak sor dezake, gurasoek egin baitzuten hasierako lana. Gainerakoa aipatzeko hobe, seguruenik, harrokeria hitza.

Guztiz desberdina litzateke euskaldun berrien kasuan. Euskaldun izateaz harro nago, urtetan jardun behar izan dudalako, euskaltegiz euskaltegi, etxean jaso ez nuen hizkuntza ikasten eta, ondoren, erabiltzen. Hor bai, hor zilegi iruditzen zait harrotasuna, egindako lanaz harro zaudelako, ez gurasoek egindakoaz. Zuk ez dituzu gurasoak aukeratu, ezta etxeko hizkuntza ere. Zerorri euskaldundu zara.

Zentzu horretan, egunotan gay harrotasuna aldarrikatzen dutenei ez zaie arrazoia falta. Gay naiz eta horretaz harro nago. Bueno, hor harrotasuna ez litzateke zarenak sortutakoa, baizik eta zarena ez ezkutatzeak eragindakoa. Gay naiz eta gizarteak naizen hori gutxiesten badu ere, gehiengoaren gaitzespenari aurre egiteko gauza izanaz harro nago.

Horrek bai, armairutik ateratzeak edonorentzat eskatzen duen ausardiak sor dezake harrotasuna. Zuzenean, aurrez aurre edo hedabideen bidez ezagutzen ditugun istorioek ez dute zalantzarik uzten hainbatentzat armairutik irteteak duen merituaz. Askok eta askok ez du bizitza osoan ausardia hori biltzen, gizartearen edozein bazterretan. Asko eta asko ez da bere buruari gay dela aitortzeko gauza, ezta «gay orgulloa» edonoren ahotan dagoen une honetan ere. Asko eta asko armairuan bizi da bizitza osoan.

Temas

Euskera