Gora Catupova

IÑIGO LAMARCA ITURBE

Aste honetan, Japoniako Akihito enperadoreak abdikatu egin du bere seme Naruhitoren alde. Urrutiko herrialde hartan, enperadoreak sinbolismo handia du (subirano zerutarra dei-tzen diote). Jakina da tradizioak garrantzi izugarria duela han, baina tradizioak ez badira eguneratzen eta demokraziaren printzipioekin eta giza eskubideekin uztartzen, gizarte harmoniaren eta aurrerapenaren oztopo bilakatzen dira. Emakumeek ezin dute enperadore izan, ezta enperadore berria tronuratzeko ekitaldian egon ere. Batzuetan, tradizioak disimulatu egiten dira eta ez dira hain zaharrak. Japonian, adibidez, aipatu 'tradizioa' XIX. mendean sortu omen zen; Historian zehar gutxienez zortzi enperatriz egon dira. Japoniak izugarrizko hazkunde ekonomikoa izan du II. Mundu Gerra eta gero; bazirudien Estatu Batuen gainean jarriko zela. Baina ez da horrelakorik gertatu eta azken hamarkadetan asko moteldu da hazkunde hori. Baina bataz besteko bizitza kalitatea ona da, barne-produktua, gordina zein per capita, munduko handienetakoa da eta langabezia-tasa bajua. Ekonomiari diru asko txertatu behar izan dio gobernuak (nahiz eta eskuineko partidu liberal batek gobernatzen duen), deflaziorik egon ez dadin, interes-tasak 0 inguruan daude, eta zor publikoa oso altua da (BPGren %230tik gora). Bestetik, asko ari da zahartzen japoniar populazioa. Zenbait adituk esaten du Europa japonizatzen ari dela. Nolanahi ere, kide ona izan daiteke Japonia Europar Batasunarentzat. Ikuspuntu ekonomiko eta geoestrategikotik zenbait mehatxu ditu inguruan, Estatu Batuekiko duen harreman estua itogarri samarra da eta haren politika komertzial berria ez dute begi onez ikusten. EBk eta Japoniak hitzarmen komertzial bat izenpetu dute duela gutxi. Edozein modutara, harreman hori sakontzeko aukerak badaude, eta ondo aprobetxatu beharko liratekeela uste dut. Txinak gailur inportante bat egin du berriki Pekinen, non 150 estatuko buruzagi edo ordezkarik parte hartu duen 'Bidea eta Gerrikoa' izeneko ekimenari buruz hitz egiteko. Azalpen asko eman behar izan ditu Xi Jinpingek errezeloak eta kritikak baretzeko. 70.000 milioi dolare jarri ditu dagoeneko proiektu erraldoi horretan. Inbertsio horren zuzeneko onuradunak obrak egiten ari diren enpresa txinarrak dira. Zenbait herrialde europar proiektu horri lotuta badaude ere, eta hartaz EBk horretan inplikatu behar badu ere, apustu interesgarria izango litzateke Japoniari kasu gehiago egingo bagenio europarrok.

Visegrado taldea deitzen diote Hungaria, Polonia, Txekia eta Eslovakiaren arteko aliantzari EBren barruan interes komunak defenditzeko. Bazirudien lau herrialde horiek bloke kohesionatua eta monolitikoa osatzen zutela, Europar Batzordearekin talka bizian arituz, baina interes desberdinak, eta batzuetan kontrajarriak, dituztela ari da nabarmentzen (Errusiarekiko harremanetan, adibidez). Polonian agintzen duen PiS alderdiak eta Hungariako Orbán presidentearen Fidesz ultraeskuinekoak dira, baina datozen europar hauteskundeei begira ez dago argi Italiako Salvinirekin bat egingo duten ala ez. Azken horrek gogor ekin nahi du hurrengo euroganberan Europar Batzordearen eskumenen eta Batasuna indartzeko proiektuen aurka, baina euroa utzi gabe (Marine Le Penek bertan behera utzi du orain ideia hori). Eslovaquia eurogunearen barruan dago (Visegrado taldeko beste hiruak ez, ordea). Herrialde hau eta Txekia elkarren arteko adostasunez banandu eta gero, urte zailak izan zituen egoera ekonomikoari bai eta politikoari ere dagokionez. Meciar politikari autoritarioa eta boxeolari ohia izan zen gobernuburu hasierako urteetan, polemika asko eragin zituelarik. Nahiz eta ekonomiak bide ona hartu duen, politika eremuan asaldaketa ugari izan dira, ustelkeriari lotuta gehien bat. Iaz, hain zuzen, ustelkeria politikoa ikertzen ari zen Jan Kuciak kazetari gaztea eta bere andregaia erail zituzten. Horrek izugarrizko haserrea sortu zuen herritarrengan.

Haserre horrek eta beste zeinbait faktorek bultzatu omen dute politikagintzatik kanpo zegoen Zuzana Caputova abokatua eta ekologista presidente hautatua izatea. Garaipen handia lortu du emakume honek programa europazale argi batekin. Datozen maiatzaren 26ko hauteskunde europarretan europeistek emaitza ona lortzen badute, gerta liteke Bratislava Visegradotik aldentzea eta Alemaniarekin harreman politiko estuagoa bilatzea. Dena dela, Caputovaren garaipenak azpimarratu nahiko nukeen irakurketa interesgarri bat badu. Europar herrialde gehienetan zabaldu den politikarekiko mesfidantzak eta egoera sozioekonomikoarekiko haserreak ez ditu nahitaez eskuin muturreko alderdi populistak elikatzen. Ekologismoak, europeismoak eta muturrekoak ez diren aukera politikoek izan dezakete ibilbide polita. Batez ere politikari berri eta berritzaileen eskutik badatoz.