Gerra?

IÑIGO LAMARCA ITURBE

Indar handiko hitzak erabili ditu Alejandro González Iñárritu zine zuzendari mexikarrak, zeina Canneseko zinemaldiko epaimahaiaren burua baita, egungo munduaren egoerari buruz. Egoera hori arriskutsua dela esan du, harresiak altxatzen ari direlako, lider politiko batzuk krudelak direlako (nor ote zuen buruan?) eta herritarrak erraz manipulatu daitezkeelako. Eta erantsi du 1939ko egoera edo Erdi Aroa datozkiola gogora. Anthony Giddens pentsalari ospetsuari egindako elkarrizketa luze bat irakurri dut berriki. Mundu guztiz berri baten aurrean gaudelarik, zenbait gauza azpimarratu ditu analista horrek. Europar Batasuna, nahiz eta gabezia handiak dituen, behar-beharrezkoa dela adierazi du, «aniztasunean elkarrekin» helburuari irmoki eutsiz. Adi iritzi garrantzitsu honi: EBko estatuek duten subiranotasuna erlatiboa bada ere, estatu independente balira subiranotasun txikiagoa izango lukete, paradoxikoki, ahulagoak izango liratekeelako, hau da ahalmen eskasagoa izango luketelako. Bestetik, populismoaren gorakada iraultza digitalaren eskutik etorri dela egiaztatzen digu Giddensek. Jakina ez ditugula tresna berri horiek gaitzetsi behar baina balio eta eskubide demokratikoak defenditu nahi baditugu, eta manipulazioari eta gezurrei aurre egin nahi badiegu aurrea hartu beharko genieke balio eta eskubide haiek hondatu nahi dituztenei.

Argi dago datozen europar hauteskundeak inoiz baino inportanteagoak izango direla, EB bidegurutze batean dagoelako eta eskuin muturreko indar populista eta eurofoboak gero eta indartsuagoak direlako; baita euroa eta europar eraikuntza oztopatu edo desegin nahiko luketen Trump, Putin eta abarri zenbait kasutan jokoa egiten dietelako (horren lekuko, Orbán hungariarrak AEBko presidentearekin arestian izan duen elkarrizketa). Nago Alemaniak paper politiko inportanteagoa izango duela datozen urteetan, Erresuma Batua EBtik joan edo ez joan. Nik uste dut kristau-demokratek (CDUk eta Bavariako CSUk) agintzen jarraituko dutela Merkelek alde egin eta gero (alemaniar sozialdemokratak oso ahul daude eta Berdeak, aldiz, zeintzuk oso europazaleak diren, gora egiten ari dira, ingurumenaren eta klima aldaketaren kontuak garrantzi gero eta handiagoa duten honetan). CDUko presidentea den Annegret Kramp-Karrenbauerri (AKK) elkarrizketa sakon bat egin diote egunotan Europako zenbait komunikabidek. Ideia azpimarragarriena, nire aburuz, honako hau izan da: Europa indartsuago batek ez ditu derrigorrez erakunde edo baliabide gehiago behar; estatuen arteko lankidetzaren bidetik lortu daiteke hori. Ideia hori CDU/CSUren kontsigna izango delakoan nago, eta halaber EBko estatu gehienek horrekin bat egingo dutela uste dut (Macronen atsekabea areagotuz). Baliteke CSUko Manfred Weber izatea datorren Europar Batzordeko presidentea. Deigarria da Austriako presidentea den Sebastian Kurz eskuindar gazteak bere apoio sutsua ematea. Adi Kurzi, zeinak austriar eskuin muturra neutralizatu baitu hura gobernuan sartuz eta bere ideia batzuk bereganatuz (AKK, berriz, AfDrekin eta populistekin paktuak egitearen aurka dago, erabat). Eta adi Bavaria-Austria ardatzari.

Zenbaitek ziurtzat ematen du Trumpek gerra egingo diola Irani. Ez dut uste. AEBko presidentea uste baino azkarragoa dela iruditzen zait (apustu egingo nuke datorren urtean berrautatua izatea lortuko duela) eta ez du gerra konbentzionalik egingo (horretarako soldaduek okupatu egin behar dute lurra), eta are gutxiago Soleimani iraniar jeneral estratega bikainaren aurka. Iran ekonomikoki ito egin nahi du, erregimenaren kolapsoa eragiteko. Nire ustez, hori azaltzera joan zaio Pompeo AEBko estatu idazkaria Putini Sochiko datxara. Datozen gerrak ekonomiaren eremuan eta ziberespazioan egingo dira. AEBren eta Txinaren artekoa izugarria izango da, zalantzarik gabe. Biak galtzaile bilakatu daitezke beren arteko norgehiagokan. Txinak baditu zenbait puntu ahul: nagusiki musulmana den uigur gutxiengo etnikoaren aurkako errepresio ikaragarria, Hong Kongen dagoen deskontentua, Taiwanekin duen gatazka (non, portzierto, sexu bereko pertsonen arteko ezkontza onartu den), Japoniaren, Vietnamen eta Indiaren mesfidantza eta abar. AEBk dituen ahuleziak, bestetik, ez lirateke gutxietsi behar: batez ere, bere zor publiko erraldoia, zeina dolarrak sostengatzen duen. Dena dela, arantzelen gerraz haratago, badago 5G sakeleko telefonoen teknologiarekin zerikusia duen auzi potente bat. Huawei txinatar enpresa oso aurreratua dago horretan.

Erresuma Batuko Defentsa ministerioa tratutan zebilen enpresa horrekin eta hori plazaratu denean May gobernuburuak kargutik kendu egin du defentsa ministroa. Trumpek, berriz, debekatu egin die estatubatuar enpresei kanpoan egindako telekomunikazio ekipoak eskuratzea zenbait kasutan. Badirudi debekua Huaweri zuzenduta dagoela.