Gauzak argi Europan

IÑIGO LAMARCA ITURBE

Oso esanguratsua eta deigarria izan da Europar Batasunako goi karguak aukeratzeko gertatu dena. EB entitate politiko eta juridiko berria da. Historian zehar ez da ezer parekorik egon. Ezagutza alor desberdineko adituek oso gertutik ari dira jarraitzen entitate horren bilakaera. Ezkorrek diote noizbait hautsi egingo dela; lehenik euroak porrot egingo duela eta ondoren eraikin politiko-instituzional osoa bertan behera eroriko dela. Ez dut uste. Brexitaren prozesu surrealista erakusten ari zaigu EBren barruan sortu diren lotura juridikoak eta ekonomikoak sekulakoak direla, eta horiek hausteak ikaragarrizko galerak eta ondorio negatiboak erakarriko lituzkeela.

Esan liteke inor ez dagoela erabat gustura EBn baina inork ez duela klub hori utzi nahi (ingeles nazionalista sutsuenak izan ezik). EBren edo euroaren aurkako jarrerak zituzten zenbait indar politiko (Le Penen partidua, Salviniren Lega eta abar), gobernatzeko aukera gauzatu denean (edo posible ikusi dutenean) jarrera hori modulatu egin dute. Ez bakarrik botere faktiko ekonomikoen indarra eta eragina oso handiak direlako, baizik eta EBtik edo eurotik kanporatzearen ondorioak oso txarrak izan daitezkeelako herritarrentzat.

Europar Batasunaren eraikuntzan Europar Parlamentua gero eta pisu handiagoa lortzen ari da. EBren zenbait arau onar-tzeko orduan haren onespena derrigorrezkoa da. Baita EBren goi karguak ontzat eman behar ditu. Azken hauteskundeetan protagonismo handia hartu zuten indar politiko desberdinen Europa mailako hautagaiek. Kontserbadoreek, sozialistek eta liberalek Europar Batzordeko presidente izateko hautagaiak aurkeztu zituzten. 'Spitzenkandidaten' hitz alemana maiz erabili da Weber bavariar/alemana (kontserbadorea) Timmermans holandarra (sozialista) edo Vestager danimarkarra (liberala) izendatzeko. Zazpi talde parlamentariotan biltzen dira europarlamentariak. Nagusienak aipatu hirurak dira, baina gainerakoek (batez ere berdeek) gero eta pisu handiagoa dute. Garai batean kontserbadore/ popularren eta sozialista/sozialdemokraten artean banatzen zituzten goi karguak (Alemania-Frantzia ardatzaren galbahetik pasa ondoren, noski), baina gaur egun errealitatea konplexuagoa da. Osakan ospatu berri den G-20 taldearen bilera aprobetxatuz, Merkel, Macron, Sánchez eta Rutte holandarrak EBrako goi karguak adostu zituzten. Sánchez espainiarrak protagonismo handia hartu du, europar Parlamentuan talde sozialistaren barruan kopuru handiena espainiarrena delako. Eta Rutte akordio barruan sartu zen Timmermans izan zelako Batzordeko presidente izateko aukeratu zuten pertsona. Bilera hori baino lehenago Macron (liberalen buru gisa) eta Sánchezek aliantza estua (itxuraz) egin zuten Batzordeko burua ez zedin kontserbadorea izan. Merkelek amore eman zuen, eta bazirudien Japonian lotutako akordioak aurrera egingo zuela.

Baina sorpresa handiak egon dira Europar Kontseiluak (non estatuetako buruzagi nagusienak biltzen diren) negoziaketa oso luzeak eta gero plazaratu dituen izenekin. Antza denez, Macronek zenbait mugimendu taktiko egin zituen, Sánchezekin zuen aliantza saihestuz, eta lortu du gustukoak dituen pertsonak jartzea aukeratu behar ziren postuetan, batez ere Lagarde Europar Bankuko buru gisa. Azpimarratzekoak dira, nire ustez, honako egintza hauek. Bat: Merkelen ahulezia (ea lehenbailehen aukeratzen duen Alemaniak kan-tziler berria).

Bi: ardatz franko-alemana behar-beharrezkoa da, baina ez da lehen bezain ahaltsua: indar handia hartu dute sortu diren bi bloke hauek: Visegrado taldeak (Polonia, Hungaria, Txekia eta Eslovakia), eta 'Liga Hanseaniko' berriak (Holanda buru duela, herrialde eskandinaviarrak bertan daudelarik). Hiru: EBko aktore politiko inportanteenak estatuak dira, eta estatuetako buruzagien artean (Europar Kontseiluaren esparruan) hartzen dira erabaki inportanteenak; hori ez da aldatuko. Lau: Talde sozialistak gaizki negoziatu du, eta horren arduradun nagusia Sánchez da, nahiz eta kontsolazio sari bat eman dioten Borrel EBko kanpo harremanetarako goi ordezkari izendatuz. Bost: Europar Parlamentua zokoratuta geratu da, eta hori berri txarra da. Haserre handia omen dago, halere, eta, boto disziplinak ez badu bere lege zorrotza inposatzen, sorpresarik egon daiteke, kargu gehienek europarlamentarien onespena behar baitute, hautagaitzak ondo aztertu eta gero.

Lehenengo sorpresa gertatu da: Europar Kontseiluaren proposamenari muzin eginez, italiar sozialista bat, eta ez bulgariarra, aukeratu dute presidente gisa. Dena den, oraindik erabakitzear dago Europar Batzordearen eraketa, alegia, von den Leyen presidentea eta Borrel goi ordezkariaz aparte, zeintzuk izango diren komisario berriak. Borroka latza izango da, eta negozia-tzaileek gau pasa egin beharko dute, ohizkoa denez.