Gaizki hezitako haurrak

Haurren garrasi eta korrikek tabernan dauden guztiak asaldatzen dituzte

Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Funtsean, bi gauza behar ditu haur batek, maitasuna eta zaintza. Ez du balio maite zaitut baina ez zaitut zaintzen, edo zaintzen zaitut baina ez zaitut maite. Noski, milioika haur heltzen da gaztarora bi osagai horietatik bat falta zaiola, edo biak, eta ez dago halere kondenatua.

Era berean, haur zaindua eta maitatua ez da, nahi-ta-ez, gizon edo emakume zintzo eta garatua izango, baina errazago izan dezake bidea, baliabide gehiago du orainari eta etorkizunari aurre egiteko.

Bi osagai nagusi ditu errezetak, baina etxe bakoitzean modu desberdinean sukaldatzen da jakia. Eta etxe gehienetan pentsatzen da egiten duten horixe dela errezetarik hoberena, bi osagaiak behar den proportzioan erabiltzen dituena. Ze izaki hauskor eta malgua den haurra eta ze esku traketsetan suertatzen da askotan.

Sartzen zara, euritik ihes, taberna batean eta kafesnearen zain zauden bitartean ikusten dituzu aldamenean bi guraso gazte eta bizpahiru urtetako mutikoa. Haserre dago txikia eta aitari joka hasten da, ezkerreko eskuaz. Aitak esaten dio, hasieran pazientziaz bustitako hitzez, egiten ari dena ez dela zuzena, ez diola aitari jo behar. Gero, segundo gutxiren buruan pazientzia agortzen da eta aitak esaten dio semeari joka jarraitzen badu sendagilearengana eramango duela zuzenean.

Ez duzu kafesnea bukatu tabernara beste familia bat heltzen denean, gurasoak, eta lau eta bi urtetako neska eta mutikoa. Etorri berrien zaratak desbideratzen dizu arreta eta harriduraz egiaztatzen duzu haurren garrasi eta korrikek bertan dauden guztiak asaldatzen dituela, gurasoak ezik. Lasai asko daude, kontu kontari, garrasiak entzungo ez balituzte bezala. Bezero batek protesta egiten duenean eserarazten dituzte haurrak eta gurasoen sakelako telefonoak jartzen dizkiete haurrei aurrean.

Zainduak daude haurrak, maitasuna jasotzen dute, behintzat itxurak hori dio. Baina tabernako bezero bakoitzak patrika aholkuz betea du eta debalde emango lizkieke gurasoei pare bat. Belarrondoko bat, esaten du zure ondoan dagoen emakume edadedunak, haur zalapartatsuek belarrondoko bat behar dutela, oihuek hori eskatzen dutela, mesedez, emaidazu belarrondoko bat. Edo utzidazu zure sakelako telefonoa.

Ze zaila den haur bat heztea eta ze traketsak garen askotan gurasoak, gehienetan hezitzaile onak garela pentsatzen badugu ere.

 

Fotos

Vídeos