Fan zone neutrala
Ur handitan ez bustitzeko joera onartu ez ezik hauspotu ere egin dugu, bertan itotzeko zorian daudenei entzun gabe
Arratsalde pasa Bilbora gerturatu asmoz zen gaztetxoari aitak honako gomendioa eman zion herenegun, Europa Leagueko finalaren atarian: «Kontuz ibili eta joan zaitez 'Fan Zone neutralera'. Saihets itzazu istiluak». Gunearen izenak eta gizonaren iruzkinak gogoetaren ateak parez pare ireki dizkidate. Eremu neutralen apologia onartu ez ezik hauspotu ere egin dugu. Bustitzea arriskutsua da askotariko auzietan. Ondo nozitu dugu hori elkarrizketatzaileok. Nolanahi ere, neutrala eta kaltegabea ez dira gauza bera. Zuhurtziatik abiatuta, erosotasunera doan bidezidorra ez al dugu gehiegitan hartu? Eta utzikeria ez dago handik aparte. Toki segurutzat ditugu, ordea, hiru horiek.
Fan Zone neutral askotxo ikusten ditut lepo beteta Ukraina edota Gazara joan beharrik gabe; hala nola gure agintari agurgarriak hain arduratuta dituen migrazioarena, etxebizitzaren prezioarena, administrazioaren euskalduntzearena edota larrialdi klimatikoarena. Ur handitan ez bustitzea, ordea, ez da erraz uler daitekeen zerbait, are gutxiago beste batzuk itotzen ari diren bitartean. Manuel Lasarteren bi bertso hauek nahikoa esaten dute: «Gizonaren zentzuna dago ergeldua/lasaikerien bidez oso argaldua/kontzientzia dauka geiena galdua/gorrotoa argatik zaigu ugaldua». «Gaizki egin da lasai dagoana barruz/ez da asko oroitzen inpernuz ta zeruz/otsoa ikustean jantzita ardi-larruz/biotz aundiko batek sufritzen du erruz».
Halaber, Fan Zone neutralean topatu ditu Pello Añorga irakasle eta idazleak argitaletxe gehienak bere azken lana aurkezterakoan. 'Sendatzeko ametsak' izena ezin iradokitzaileagoa iruditu zait ba niri, akaso Pelloren ipuinekin amesten sendatu nituelako haurtzaroko beldurrak. Azkenean, Balea Zuria etxeak argitaratu dio honakoan helduei zuzendutako liburua. Ezin omen da zehazki deskribatu baina beste erritmo eta patxada bat eskatzen duela, nonbait. Hori ez da garaiotan batere neutrala, Pello! Nola sartu haiz istilu horretan!
Uxue Alberdiri Argian emandako elkarrizketan, hala irakurri nion oiartzuarrari: «Euskaraz baditugu hitz zoragarri bi: entzun eta erantzun. Eta erantzun hitzaren barruan entzun hitza dago. Hitzak berak adierazten digu ondo erantzuteko ondo entzuten jakin behar dugula. Ez badugu ondo entzuten ezin dugula erantzun, ezin garela erantzule izan eta erantzukizun eskasa izango dugula».
Ezin dugu erantzun baldin eta entzuten ez badugu. Esaldi iraultzailea. Ez dugu behar bezala erantzungo harik eta ondo entzun arte? Entzuteko moduan garrasi dabiltza bada, ur handitan itotzeko zorian daudenak. Entzutea aukera bat da. Fan Zone neutralera joatea bestea.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.