Borrar

Baserriprest eta hobetobizi

Geure lehen sektorearekiko ohitura aldaketa bultzatzeko ariketa soziala egingo al dugu? Euskaraz, nahi izanez gero

Gaizka Lasa

San Sebastián

Viernes, 16 de mayo 2025, 02:00

San Isidro egunekoa da burutazioa, gainean dugun ariketa sozialak goiargitua. Izan ere, euskarak eta baserriak badituzte antzekotasunak. Geure-geureak ditugu biak ala biak eta, horrexegatik, urrutiko askotariko sorginkerien giro trumoitsupean bizi dira. Globalak bertakoari lehia jartzen baitio egunerokoan, normalean baliabide gehiagorekin gainera. Ondo daki hori Euskaraldiak. Hizkuntza propioa hauspotzeko ekimenak asmatu du kontzientzian atximur egiterakoan. Geure arima hiltzen uzteko bezain odolgalduak ez gara eta, pazientzia batetik, abegikortasuna bestetik, guda hori irabaziko dugu.

Aitzitik, beste upeleko sagardoa da baserriaren auzia. Ondare kulturalarekin eta nortasunarekin lotzen badugu ere, bandera hori ez dugu hain irmoki harrotzen. Dela kopetako izerdiagatik, dela poltsikoan duen eraginagatik, galbidera daramagu arbasoen bizimodua. Honenbestez, inon norabide aldaketa egin behar bada, ohiturak aldatu behar badira, ez al da eremu honetan?

'Baserriprest' rola har genezake, zenbait konpromiso tarteko: goizeko otorduko lehengaiak gertuko baserrian ekoi-tzitakoak izango dira eta hortik aurrera, ahal den heinean, kontsumo horri eutsiko diogu, nahiz eta guk etxean lursailik ez izan eta supermerkaturako joera azaldu. 'Hobetobizi' profilak, bestalde, baserritarrari lagunduko dio aisialdian eta haren produktuak zabalduko ditu bere inguruan. Bide batez, ariketan sortuko diren harremanetan euskara erabiltzen saiatuko dira parte-hartzaileak.

Proposamena hor geratzen da inork heldu nahi badio, inongo eskubide intelektualik gabe, noski. Ideiaren azala hauxe, mami gisa balio dezala ondorengo bertso sortak. Aitor Mendiluzek bota zituen San Isidro egunez. Zaila gaia dotoreago eta zorrotzago jorratzea:

«Nekazariei ohore/ze izerdi, ze adore/ mendi berdeak dotore/baina hitzak zuri kolore/San Isidroren ospakizuna urteko lanaren orde/egun batean eskua eman ta urte osoan gorde/Benetan gure baserritarrei galde ez eginda hobe/ta ironiaz deitzen diogu lehendabiziko sektore».

Zerekin bete platera da norberaren aukera/nora beidatzen ote da?/Sabel edo sakelera?/Baserritarrak maite ditugu geure hitzen arabera/baina azokan larunbatetan ez dirudi gauza bera/esan bat eta bestea egin eta paparra atera/ta asteburuan Mercadonara erosketak egitera».

«Politikarien bueltan kejaka eta penetan/baina errudun horretan/asko gaude hemen bertan/Ez dago zertan haundira joan baina goaz eta zertan?/Lau xoxengatik geratzen gera azkenean edozertan/geure barruei galde egiegun aukera degu horretan/ia ze mundu eredurekin sinisten degun benetan?».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Baserriprest eta hobetobizi