Borrar

Franco, Franco

Bai horixe ·

Diktadorea bere monumentuan, bide bazterrean daudenak, zuloan

Astelehena, 14 urria 2019, 06:59

Comenta

Zenbat aldiz aipa daiteke Franco eta haren ondorioak dotoreziaren mugak gainditu gabe? Zenbat aldiz defenda daiteke, ahoz nahiz idatziz, gizon eta emakumeon arteko eskubide berdintasunik eza kalaka-emaile izan gabe? Zenbat aldiz sala daitezke, jendaurrean nahiz lagunartean, euskarak oraindik ere gainditu behar dituen langa mingarriak inoren arbuioa jasan gabe?

Franco. Ze onuragarriak diren mikrofonoak ilunpean dauden lekuetan. Ze esanguratsua Erorien Haranan bizi diren domingotarren ahotsa. Ze kaltegarria eliza katolikoaren gaurkotzea defenditzen dutenentzat. Bai, gainerako elizkideen ahotsa entzuten ez bada ere, horrelakoak hor daude, eta ez bazter batean, erdigunean baizik.

Beste galdera batzuk: zerk eragiten du Espainiako eliza ofizialaren isiltasun eskandalagarria? Zergatik uste dute Erorien Haraneko domingotarrak legearen gainetik daudela, ez zeruan ez lurrean? Zerk babesten zaitu besteok behartzen gaituen legearengandik? Aski da jainko baten izena erabiltzea nahi duzuna egiteko? Edozein jainkok balio du horretarako edo bakarrik beste jainkoak baino benetakoagoa omen den horrek?

Eta ustez ia sainduak diren gizon horiekin batera, hainbat eta hainbat ahots, gauzak dauden bezala utzi nahi dituztenak, zeunden bezala. Franco bere monumentuan, bide bazterrean hobiratuak aitormenik gabeko zulo horretan. Esaten dute zauriak sendatu zirela eta orain norbaitek berriz zabaldu nahi dituela. Besteen zauriak, noski, beraiek ez baitute zauririk.

Baina, mirariak aparte, zauriak ez dira sendatzen jainko batek eta haren ustezko ordezkariek agintzen dutenean. Itxi bedi zauria. Baina zaurien egoera ez du elizak erabakitzen. Zauriak egon badaude eta zaurituak gutxienez beste biktima gertatu berriek duten eskubide beraren jabe dira. Erraza da, errazegia, besteen zauriak gutxiestea.

Agian lerro hauek argitaratutakoan Francoren gorpua ez dago Erorien Haranean. Hala bedi. Baina horrekin ez da auzia bukatuko. Hortik aurrera erabakiko behar da zer egin bertan dauden gainerako gorpuekin eta askoren begiontzat mingarria den monumentuarekin.

Tripei kasu egingo banie, eta ahalmen hori banu, suntsitu egingo nuke frankismoaren esklaboek eraikitako monumentua edo naturaren menpe utziko, landareek eta abereek jan zezaten. Baina jakin badakit horrek ez lukeela frankismoak eragindako kalte iraunkorra ezabatuko.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Franco, Franco