Feminismo erradikala

 Tradizioaren lubakian babesturik dauden gizon prestuek abisatzen dute

Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Hauteskundez hauteskunde bizi garen honetan, barregarri izan zitekeen kontu bat hasi gara entzuten. Alegia, feminismoak gizon eta emakumeok liskarrean nahi gaituela, elkarren arteko borroka latzean, diktadura feminista bat gauzatu arte Hasi dira berpizten aspaldian entzuten ez genituen gezur zaharberrituak.

Nola egin kontra behetik gora datorren olatuari, emakumeok frogatu badugu kaleak protestaz bete ditzakegula? Ezin esan ozenki ez daudela berdintasunaren alde, ezin adierazi abantailak gorde nahi dituztela edo emakumeok, berez eta naturaren aginduz, ezgauza garela, babesa behar duten pertsona gutxituak.

Kopetan zazpi azal behar dira gaur diktadura feminista baten pean gaudela esateko, baina askok hamaika azal ditu kopetan nahiz burmuinean. Ikusi besterik ez dago nola, Martxoaren 8an erakutsitako pankartak ganbaran gorde bezain laster, lelo berdintzaileak itzali bezain pronto, nola itzultzen den asko eta asko lehengora, gizonen aspaldiko lehentasunera.

Oraintxe bukatu den hauteskunde kanpainak berak gezurtatzen du balizko diktadura hori. Gizonek gobernatzen gaituzte, gizonek gobernatu nahi gaituzte. Eta gizonek esan behar lukete feminismoaren diktaduraren mamua hori besterik ez dela, haurrak beldurtzeko mamua, errealitateak lotsagarri uzten duen asmakizuna.

Egia da azken urteotako mobilizazioek zailago egiten dutela feminismoari kontra egitea, edonork duelako etxean edo inguru hurbilean azken manifestaldietan parte hartu duen emakume bat baino gehiago. Ezin esan emakume horiek diktadura bat antolatzen ari direnik, ezin esan maite gaituzten horiek gorrotatzen gaituztenik.

Baina esan daiteke erradikalek engaina-tzen dituztela maite ditugun emakume horiek, generoen arteko borrokan erabiltzen dituztela, eta ez direla horretaz jabetzen. Esan daiteke eta esaten dute, feminismoa oro har zuritu den honetan, feminismo erradikala dela suntsitu behar den etsaia.

Eskerrak tradizioaren lubakian babesturik dauden gizon prestuek abisatzen digutela. Eskerrak hor dauden 'betiko' gizartearen defendatzaile santuak, erne, adi, gizartea salbatzeko prest. Horiek seinalatzen dute bidea, feminismo erradikalaren kontrako borroka, gizon eta emakumeon arteko liskar mingarria sortu nahi omen dutenen kontrako borroka. Okerrena da gezur hori sinesgarri dela gizon askorentzat eta emakume batzuentzat.