Eutanasiaren beldur
Legea badatorrela, badatorrela, baina ez da oraindik heldu
Noizean behin, hainbeste gezurren artean, hainbeste zarata, huskeria eta harrokeriaren artean, historia hunkigarri bat kontatzen digute hedabideek. Emakume batek eskatzen die senarrari eta seme-alabei halako batean, ez dituenean maite dituen zaindari horiek ezagutzen, lagun diezaiotela alde egiten. Horrela esaten da, alde egin. Herioa aipaezina zaigulako, are heriotzaren atarian daudenei.
Joan den astean, hirurogeita hamar urteko gizon batek bere emazteari hiltzen lagundu dio. Hogeita hamabi urte zeraman emakumeak gaixorik, gaixotasun sendaezin batek jota, ezertarako gauza ez zela. Beste hainbat urte zeraman senarrak zaindari lanetan. Familiak urtetan jardun du eutanasia zigortuko ez duen legearen eske, beste familia askok aldez aurretik egin duen bezala.
Azkenean, Angel izena duen senarrak bakarka eman zuen pausoa, emazteak hainbestetan eskatutakoa aintzat hartuz. Azkenean, oztopatutako legearen zain egon ondoren. Eta, lotsarik gabe, emaztea hil bezain laster egin zion dei poliziari egindakoa adierazteko. Poliziak, noski, atxilotu egin zuen gizona eta orain legearen esanetara dago, edozein hiltzaile bezalaxe.
Legea badatorrela, badatorrela, baina ez da heldu. Parlamentuaren paperen artean ito da azken saioa, PP eta Ciudadanoseko diputatuen trikimailuei esker. Batzuk uste dutelako herritarrak ez garela eutanasia onartzeko eta zintzoki erabiltzeko gauza, beste batzuk beraien sinesmen erlijiosoak jendearen onuraren aurretik jartzen dituztelako edo hainbestetan bezala, eskubideak eta betebeharrak bereizten ez dituztelako.
Alferrik esango zaie, datuak eta frogak eskutan, eutanasia legeztatu duten herrialdeetan hiltzeko bide hori aukeratu dutenak ez direla uholde bilakatu. Alferrik adieraziko zaie inkesten arabera ehuneko laurogeita hamarretik gora garela eutanasiaren alde azaltzen garenok.
Gobernatzen gaituztenak ez dira, oraingoz, ausartu. Senarraren laguntzaz hil den emakumearen oinazeak baino gehiago pisatzen du arerioek eragiten dieten beldurrak, erlijio baten edo bestearen protestak.
Orain, egun batzuetan aipatuko da han edo hemen bikote horren historia, hunkituko gara, eskatuko dugu, ahots apal edo ozenki, eutanasia behar bezala arautuko duen legea. Eta gero hauteskundeen zarata nagusituko zaigu eta estaliko du sufritzen duten pertsonen oinazea, familiakoen mina.