Euskararen iraupena

Atzean gelditu zaizkigu puntu honetara ekarri gintuzten mobilizazioak

Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Mitxelena handiak esana da euskararen misteriorik ezkutuena ez dela jatorria, iraupena baizik, edo antzeko zerbait. Nekez egingo dio uko esaldi horri mundu erdaldunean murgilduta bizi den euskaldunak. Beste kontu bat da hainbati ez zaiola batere axola edo, behintzat, ez euskararen iraupenaren alde zerbait egiteko adina.

Noski, halakoei galdetzen badiezu, esango dizute euskararen alde daudela eta ez dute gezurrik esango: daude, baina ez dira ari, ez baita gauza bera izan eta jardun. Ulertzen da, nahikoa lan baitugu egunerokotasunaren erronkekin hortik kanpo borroka egiteko. Egin dezatela lan erakundeek, eutsi diezaiola gobernuak eta aldundiek pankartari.

Izan ere, hain da handia erronka, ez dela harrigarria askoren erantzuna etsipena edo utzikeria izatea. Agian atzean geratu zaizkigu gauden puntu honetara ekarri gintuzten mobilizazio zabal eta luzeak. Gogoratu duela mende erdi Euskal Herriko bazter guztietara zabaldu zen euskaltzaletasun aktibo eta militantea. Gaztetan hau edo hura egin nuen, nire gurasoek beste hau egin zuten, guk haurrak ikastolara eramaten ditugu eta hamaika antzeko esaldi. Ai, gazte gineneko sasoien lilura.

Ez dut lortutakoa gutxiesten. Adibide gutxi dago mundu zabalean hizkuntza gutxiagotuen esparruan gurearen mailara iritsi denik eta horrek irakaspenak emateko tenorean jartzen gaitu. Gure esperientzia zabaltzeko asmoz antolatu da aste honetan Iruñean kongresu bat, eman eta zabal ezazu leloarekin batera, zerbait ikasteko aukera ere emango diguna. Agian ez gara ari, baina batzuk ari dira.

Bitartean han eta hemen antolatzen dira kanpainak, sortzen dira euskararen erabileraren aldeko ekimenak. Eta bukatutakoan, nola ez, erabat arrakastatsu izan direla pentsatu eta esango dugu, euskaltzaleak zaputz ez daitezen, etsipenari amore eman ez diezaioten. Kontsolamendu bila begiratuko dugu Durangora, goraipatuko dugu euskaraz ekoizten den kultura, jarriko dizkiegu seme-alabei aitona-amonentzat ezezagunak ziren izenak. Gutxienez, debaldeko keinuren bat.

Euskara salbu ikusi arte, ez dut kenduko bizarra. Ez dago orain gure hizkuntza garairik ilunenean, askoren lanari esker iraupenarena ez da gure kezka bakarra. Baina kontu honetan pitin bat pentsatzen hasita, argi luzeak pizten ditugunean, beti suma-tzen dugu kezkaren atximurra, aspalditik datorren ezinegona.