Euskara Nafarroan

Eta euskara ez al da 'acervo cultural' soila baino zerbait gehiago?

RUFINO IRAOLA

Hil honen 10ean, euskarari buruzko debatea izan zen 'DN en vivo' foroan. Hauek hartu zuten parte: Ángel García-Sanz, UPNAko Katedratikoa; Izaskun Arratibel, Eusko Ikaskuntzako kidea eta Ikastolen Federazioko presidente ohia; María José Anaut, UGTko Hezkuntza sektoreko idazkaria; Iñaki Iriarte, UPV/EHUko irakaslea; eta Eduardo Gil Bera, idazle ezagun eta saritua. Agidanean, haustura soziala sortzen du euskarak Nafarroan. Batzuek, egungo Gobernu Foralari egozten diote errua, euskararen aldeko neurriak hartu dituelako. Ni ez naiz ezer inposatzearen aldekoa, ezta euskara ere, baina bai eskatzen duenari zerbitzu egokia ematearen aldekoa. Zer egin, haustura sozialik gerta ez dadin? Betikoa: euskara baztertu. Bada, erantzun diezaiogun, behingoz, galdera honi: euskarari hiltzen utzi nahi diogu ala bizirik eutsi? Erantzuna bigarrena bada, derrigorrezkoa da neurri egokiak hartzea, hizkuntza minorizatuaren aldeko politika egitea.

Euskarari buruzko hizkuntza-politikaren diseinuan denek hartu behar omen dute parte: euskaldunek, euskaltzaleek, errekuperatzea nahi dutenek eta hori ez dela lehentasuna uste dutenek edo, inolako disimulurik gabe, zilegitasun osoz kontra daudenek. Alferrik da gauza horrela planteatzea, ezinezkoa da kontsentsua. Agian, hemendik hasi beharko litzateke: euskara funtzionala ala sinboliko hutsa nahi dugu? Funtzionala izatea nahi badugu, komunikazio-eremu ahalik gehienetan erabili: familia, lagunartea, aisia, administrazioa, komunikabideak...; amona xaharra bezala sutondora baztertu nahi bada, problema amaitu da. Euskara despolitizatu egin behar omen da. Hori lortzeko modurik errazena, noski, denek defenditu eta ahal den neurrian erabiltzen saiatzea da.

Hala ere, hitzik harrigarrienak Gil Berarenak iruditu zaizkit: «La sociedad navarra no puede admitir, sin una renuncia suicida al sentido común, que haya navarros con mayor derecho en virtud de su conocimiento homologado de una lengua minoritaria». Ez dut ulertzen, askotan alderantziz da eta.

UGTkoarena ere aipatzekoa da: «el mantenimiento del acervo cultural no debe confundirse con la pretensión de alcanzar una sociedad bilingüe o dual que no se corresponde con la necesidad ni con la realidad sociolingüística navarra». Hori zer da, euskararen hileta iragartzea besterik? Dena den, premia nork markatu behar du: euskaraz bizi nahi duenak ala oztopatzen duenak? Eta euskara ez al da 'acervo cultural' soila baino zerbait gehiago?