Euskara kaleetan
BAI HORIXE ·
Hamarralditan, mendetan, gaztelera bultzatu egin da, sustatu, behartuIaz egindako azterketa baten arabera, Tolosako kaleetan euskara da nagusi. Alde gutxirekin gaztelaniarekiko, baina aurretik, lehen aldiz ehun urtetan: ehuneko 49,1 euskaraz eta 48,5 gazteleraz. Kontatu digutenez, kaleetako hizkuntza erabilerak neurtzen direnetik, euskarak nabarmen egin du aurrera, hogei puntu, eta, gainera, erabilera horretan haur eta gazteak nabarmentzen dira, ez zaharrak. Alderantziz, gazteek zaharrek baino gehiago erabiltzen dute euskara kalean.
Gogora dezagun Tolosak, azken datuen arabera, ia hogei mila biztanle dituela, ez dela mendi puntan edo itsasbazter gorde batean kokatutako herrixka kutsagabea. Horrek esan nahi du euskarak hain beharrezkoak dituen arnas guneak hirietan ere egon daitezkeela.
Noski, aldaketa hori ez da berez gertatu, ez da naturaren edo jainkoen eraginaren ondorioz gauzatu. Ez zen ere berezkoa izan gazteleraren nagusitasuna. Hamarralditan, mendetan, gaztelera, Tolosan nahiz beste edozein herritan, bultzatu egin zen, sustatu, behartu. Eta uholde horren aurrean euskaldun askok amore eman zuen, korrontearekin bat egin zuen, gogoz ala gogoz kontra, bere burua abertzaletzat zuen askok barne.
Hori da egia, ez euskaldun askoren utzikeria zuritzeko erabili izan den kontsolamendu merkea. XX mende osoan eta ez bakarrik berrogei urte iraun zuen diktaduraren garaian, era guztietako botereek gutxietsi egin zuten euskara bera eta familia askotan eten egin zen euskararen transmisioa. Helduek eta zaharrek bazekiten, baina haur eta gazteek ez.
Hainbaten utzikeria aitortzen ez badugu, ukatu egiten dugu garairik ilunenetan ere etsi ez zutenen jarduna, katea osorik mantendu zutenen ahalegina, azken hamarraldietako garapena sustatu zutenen meritua. Beraiei esker esan dezakegu katea ez dela eten eta gutxieneko aitorpen hori zor diegu. Nori berea.
Tolosan egoera horri buelta eman bazaio, askoren lanari esker izan da, bakarkako eta taldeko lanari esker. Noski, hainbat erakundek euskararen alde egin du, hizkuntza babesten ahalegindu da, baina ez litzateke orain hizpide dugun aldaketa gertatuko euskaltzalerik gabe. Oraindik ere hor dago gakoa, euskaltzaleengan. Horiek gabe alferrikakoak lirateke gainerako ahalegin guztiak.
Eredu izan daiteke Tolosa euskararen etorkizunari dagokionez, baina ereduak alferrikakoak dira gainerakook tolosar askoren lan bera egiten ez badugu. Tolosa ugari behar ditugu Euskal Herrian, are Gipuzkoan.