Etxeko lanak kanporatu
Pixkanaka, etxeetako eginkizunak erosi egiten dira, ordaindu
Modu desberdinean egiten dira etxe bakoitzean bertako lanak, gutako bakoitzak ohitura desberdinak ditu garbigailua martxan jartzeko orduan edo ontziak garbitzerakoan. Ez du berdin funtzionatzen pertsona bakarreko etxeak edo familia ugariarenak. Ez da gauza bera etxeko lanen ardura nagusia duenak etxetik kanpo ere lan egiten duenean edo etxekoandre hutsa den norbait dagoenean. Desberdina da kanpoko norbaitek duenean ardura hori edo bertan bizi direnen artean banatzen bada guztia.
Eta, halere, badira joera orokorrak, gizartearen norabidea marrazten dutenak. Horietako bat da mendetan etxe barruan egindakoak kanpoan egitera garamatzan joera. Ogia bera edo xaboia etxean egiten ziren garai urrunetara jo gabe, etxe askotan ez du inork josten, batzuetan ez du inork sukaldean egiten ez arropa garbitzen.
Sukaldearena ez da hain arrunta mundu bazter honetan, horren inguruan erlijio oso bat garatu baitugu, jainko, apostolu eta guzti. Nekez aurkituko duzu edozein hedabide, irrati, egunkari, telebista edo sareko zera, errezeta bat emango ez dizunik. Eta, halere, sukaldean egitea ez da zaila, ez behintzat eguneroko jakiak prestatzeko adina. Modu naturalean ikasitako lau pausorekin aski da dozenaka jaki desberdin antolatzeko.
Hortik aurrera jolasa egon daiteke, jakin-mina, denbora pasa edo, azken batean, ofizioa. Bide hori egin nahi duenarentzat ez dira aholkulariak falta. Are gehiago, sukaldaritzari buruzko saioek kolonizatu egin dituzte hedabideak. Eta halere batzuk tematzen dira ezjakintasunaren atzean, lana beste norbaitek egin diezaien. Gosariak, bazkariak, afariak, tarteko otorduak, guztiak erosten dira eginak, mikrouhinerako prest.
Oro har, gero eta ugariagoak dira bertako lanak kanporatzen dituzten etxeak. Pixkanaka, etxeetako eginkizunak erosi egiten dira, ordaindu, beste norbaiten ofizio bihurtzen dira eta horren arrazoia ez da ezjakintasuna, edo ez ezjakintasuna soilik.
Denboraren balioespenak ere zerikusia du etxeko lanak kanporatzeko joerarekin, zertan eman nahi dugun lanak uzten digun denbora. Adinak ere garrantzia du, zenbat eta gazteago, orduan eta ezjakinago etxeko lanetan, orduan eta joera handiagoa denbora beste zerbaitetan emateko.
Zaintza bera kanporatu dugu, haurrena, zaharrena, gaixoena, geure buruarena. Etxeak beharrezko izaten jarraitzen du, bertako lanak, ez.