Etorkinak eta errefuxiatuak
Bai horixe ·
Zirraratik, sentikizunetatik ekintzetara doan pausoan sortzen da arrakalaEntzuten dituzu Morian dauden etorkin eta errefuxiatuen lekukotasunak, ikusten dituzu pantailan bide bazterretan noraezean daudenen aurpegiak eta, ezinbestean, hunkitzen zara. Hori ekiditeko modu bakarra ez entzutea da, ez irakurtzea, edo empatiarik sentitzeko gauza ez izatea, gabezia hori modu larrian pairatzea.
Afganistanetik etorritako nerabea, sekula santan eskola zer den ikasi ez duena, bidean bi ahizpa galdu dituena eta galera horren aurrean lasaitasuna sentitzen duena, kanpalekuak ez omen direlako leku seguruak emakumeentzat. Duela gutxi erre den kanpalekuan sortu eta jaio den umea, aterperik gabe, gurasoen jabego guztiak poltsa batean sartuta eta halere, poz arrasto batekin, Siriako gerratik ihes egitea lortu dutelako, Morian Sirian bezain pobre baina, hori dio haurraren aitak, bonbarik gabe.
Horrelako hamaika historiaren aurrean bihotza uzkurtzen ez bazaizu, ez zara pertsona sanoa. Lehen pausoa emana dago, hor arazo bat dugula sentitzea. Baina benetako arazoa hortik aurrera sortzen da. Zer egin gizagaixo horien alde, zer dago norbanakoaren esku eta zer egiteko prest dagoen gutako bakoitza. Hor sortzen da arrakala, zirraratik ekintzetara doan pausoan.
Aukera bat gobernuz kanpoko erakunderen bati laguntzea da, dela diruz, dela janaria edo arropak biltzeko egindako deialdietan.Sendagai horrek funtzionatzen du, askotan, behintzat oinazea arintzen duelako. Egin zenezakeen guztia egin duzula senti dezakezu, zuk egindako emaitza, lekari horiek, apenas erabiliak dauden mendi oinetako horiek, iaz jantzi ez zenuen anorakak edo berokiak jasangarriago egingo diela egoera Morian bizi behar dutenei, Morian eta beste antzeko kanpalekutan bizirautera kondenatuak daudenei.
Gainerako aukerak zailagoak dira zeharkakoagoak. Etorkin horien eta beste askoren egoeraren sustraietara jotzea bide labainkorra da, politika tartean sartzen delako, gobernuek eta nazioarteko erakundeek egin dezaketenari lotua dagoelako. Joan zintezke manifestaldi batera, eman dezakezu izena gobernuz kanpoko elkarte batean, sar zintezke etorkinen eta errefuxiatuen kontua beste nolabait kudeatu behar dela dioen alderdi politiko batean.
Edozein bide hartzen duzula ere, itsasoa titare batez hustu nahi omen zuen haur hura sentituko zara. Arrazoiak esango dizu arazo honek, beste askok bezala, ez duela konponbiderik. Eta horri etsipena esaten zaio.,baita amore ematea ere.