Erronka oso handiak

IÑIGO LAMARCA

Nabarmena da immigrazioa bilakatu dela ekonomia ahaltsuenak dituzten herrialdeetan garrantzi handienetako gaia, bai politikaren alorrean baita herritarren arteko elkarrizketetan ere. Azpimarratu beharra dago etorkin eta errefuxiatu kopuru handienak ez dituztela aipatutako herrialdeek hartzen. Afrikako estatuen artean immigrazio mugimendu oso handiak gertatzen dira. Errefuxiatuez ari bagara, berriz, Afrikako gerretatik ihesian doazenak, Kongo, Hegoaldeko Sudan, Somalia eta abarretik Afrikako beste herrialdeetara joaten dira. Ekialde Ertaineko gehien gehienak, beste aldetik, Siria, irak edo Afganistanetik alde egindakoak Turkian, Libanon edo Jordanian daude. Etorkinak bizitza hobeago baten bila mugitzen dira, miseria, gerra eta gosetea atzean utzi nahirik, eta lana eta bizitza duina izan dezaketen lekuetara joaten dira. Horrela gertatu da Historian zehar, euskaldun asko Ameriketara joan zirenean adibidez, eta horrela jarraituko du etorkizunean ere. Etorkinek bizileku berri bat aukeratzeko orduan honako bi gauza hauek hartzen dituzte nagusiki kontuan: lana izateko aukerak, batetik, eta bestetik senideez edo aberrikideez osatutako gizarte-testuingurua izatea, alegia laguntza eta babeserako kultura bereko pertsonak aurkitzea doazen hiri edo herrialde berrian. Horrek esplikatzen du zergatik aurkitzen ditugun nazionalitate bereko pertsonez osatutako komunitate txikiak zenbait auzotan.

Immigrazio ilegala kontzeptua zabaldu da asko, eta zenbait agintarik lehentasun politikoa eman diote hori erasotzeari. Immigrazioa hobeto erregulatzearen aldekoa naizela esan ondoren, eskuin muturreko agintarien jarrera hipokresia galanta dela salatu nahiko nuke. Zeren eta ez baitago baimen administratiborik gabeko etorkinik lan kontratazio ilegalik gabe. Hartaz, immigrazio horri aurrea hartu nahi bazaio, kontraturik gabeko lan merkatua ezabatu beharko litzateke, legez kanpoko kontratazioak eragiten baitu immigrazio ilegala. Zentzu horretan, ahoa bete hortz utzi gaitu Trumpek, jakin dugunean baimen administratiborik gabeko etorkinak erabili zituela bere zenbait enpresetan.

Edozein modutan, immigrazio mugimenduak gora egiten ari dira. Nazio Batuek esku sartu nahi izan dute gai horretan, eta immigrazioari buruzko hitzarmen bat landu dute, zeina Marrakechen izenpetu baita duela gutxi. Ondoren, paktua (zeinak eduki ahul samarra baitu baina lehen urrats bat da eta balio politiko handia du) Nazio Batuetako asanbladak berretsi du 152 botorekin. Kanpoan geratu dira eskuin erradikaleko gobernuak dituzten estatuak, adibidez Estatu Batuak, Austria, Txekia, Polonia eta beste gutxi batzuk. Juan José Gómez-Camacho mexikarra izan da, Nazio Batuen ordezkari gisa, paktuaren bultzatzaile nagusia. 23 helburu ditu hitzarmenak. Horietako batzuk etorkin indokumentatuei buruzkoak dira, hain zuzen ere, hau da nola babestu haien giza duintasuna, eskubideak eta betebeharrak aintzatetsiz. Bestetik, etorkinen eta errefuxiatuen arteko desberdintasunak hobeto zehaztu nahi dira. Gómez-Camachok argi utzi du erregulazio hobea dela immigrazioa behar bezala kudeatzeko modua.

Alemaniako Ekonomia eta Energiari buruzko ministroa da Peter Altmaier eta aldi berean Merkelen CDU alderdiko pisuzko buruzagia da. Berriki eman duen elkarrizketa batean bere poza azaldu du bere alderdiak, Annegret Kramp-Karrenbauer lider berriaren eskutik, Merkelen linea politiko zentrista jarraituko duelako. AfD eskuin muturrarekin inolako akordiorik ez adostea defenditu du, Europar Batasunaren prozesuan sakondu behar dela aldarrikatu du (Macronek egindako zenbait proposamenekin -fiskalitate digitala edo Euroguneak aurrekontu propioa izatea- bat egin du) eta EBk inteligentzia artifizialaren alorrean apustu irmoa egin behar duela azpimarratu du. Azken hau da, hain zuzen, EBk duen erronka inportanteenetakoa. Ez baditu inbertsio handiak egiten (sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarkidetzarekin) Estatu Batuen eta Txinaren mende geratuko gara datozen hamarkadetan (eta gainera, lanpostu berriak sortzeko eta ekonomiaren hazkunderako aukerak galduko genituzke). Ea Altmaierren helburuak gauzatzen diren.

Afua Hirsch britainiar analista ospetsua da. Multikulturalismoaren eta identitate anitzen adierazlea ere bada. Bere ama ghanatarra da eta aita, berriz, judutarra. Britainiar izatea zer den aztertzen du arestian plazaratutako liburu batean. Halabeharrez, Brexitaren zergatien gaineko iritzia ematen du. 50 urtetan Erresuma Batuak zeukan inperioa suntsitu egin da, eta haren ustez herrialde horrek ez du oraindik Europan eta munduan izan dezakeen lekua aurkitu. Ultranazionalismoa, aislazionismoa, identitate esklusibo eta baztertzaileak indartzea, xenofobia, multikulturalismoaren zailtasunak….Gai horiek aztertzen ditu Hirschek. Asmatuko al dugu horiei aurre egiteko politika egokiak egiten?