Emozioak eta arrazoia
Bai horixe ·
Noraino jarri behar ditugu sentitzen ditugun emozioak arrazoiaren menpeGutako edonorengan nahasten dira, edozein momentutan, edozein paradatan, arrazoia eta emozioak. Erabaki bat hartu behar dugunean, beste norbaitekin harremanetan gaudenean, zerbait gogoratzen dugunean. Beraz, ia uneoro. Nork bere proportzioan. Batzuetan emozioa gainditzen da, bestetan arrazoia irteten da garaile.
Kulturak ere arau desberdinak jartzen dizkigu. Pertsona guztiok bizi ditugu antzeko emozioak, baina ez ditugu lurralde guztietan berdin adierazten. Gurean adierazpen hori kontrolpean edukitzen irakatsi izan zaigu, beste leku batzuetan espantuak dira arau, auhenka adierazi behar da oinazea, sinesgarria izango bada.
Gogoan dut, oraindik, zer nolako harridura eragin zidan, 1970.eko udazkenean, Aljeriako kaleetan, nola egiten zuten negar jendaurrean kaleko gizonek eta bertako agintariek sasoiko arabiar buruzagirik ospetsuena zen Gamal Abdel Nasser-en hiletan. Negar zotinka, oihuka, espantuka. Orduan ere pentsatu nuen zilegi dela jendaurrean poza adieraztea, baina tristurak, negarrak, barrukotasun pitin bat eskatzen duela.
Gainera, gauza bat da esparru pribatua, ingurukoena eta bestea publikoa, jendaurrean gertatzen dena. Era berean emozioak azaleratzeko orduan ez da berdin gizon ala emakume izan. Kontu jakina da emakumeon espezialitatea direla emozioak eta arrazoia gizonen esparrua. Hori leporatzen zaigu emakumeoi, emozioak gainditzen gaituztela, hori egozten zaie gizonezkoei, ez direla emozioak azaltzeko gai. Omen, azken hamarralditan desberdintasun hori txikituz joan bada ere.
Bereizketa horren beste eredu bat izan dugu joan den astean. Emakumeonganako indarkeriaren kontrako eguneko ekitaldi batean, jendaurrean hizketan ari zela, Espainiako gobernuko Berdintasun ministroa, Irene Montero, hunkitu egin zen, ia malkotaraino. Eta sekulako zaparrada erori zitzaion, ezker eskuinetik, emozioak azaleratzen utzi zituelako, agintarien neurritasunari kale egin omen ziolako.
Teorian, teorian bakarrik, norberaren erabakia da ze pisu eman emozioei, ze garrantzi arrazoiari, zer, nola edo noiz adierazi poza, tristura, haserrea. Inor gutxik ukatuko dizu pertsonak gizaki adimendunak garenik, baina proportzio desberdinean. Beste kontu bat da ze neurri den osasuntsuago, noraino jarri behar diren emozioak arrazoiaren menpe, osasun mentala kaltetu gabe, pertsona ororen barne oreka urratu gabe.
Ez gara emozio hutsa, ezta arrazoi hutsa ere.