Emakumeon janzkera
Bai horixe ·
Askoren ustez dotorezia klasikoaren arauak berpiztu egin behar diraJaso berri dut hedabide batek antolatutako ekitaldi baterako gonbidapena. Ez dut harreman handirik hedabide horrekin baina auskalo ze zerrendari tiraka bidali dituzten gonbidapenak. Gauza da idatziaren beheko aldean txunditu nauen ohar bat irakurri dudala. «Dress code», dio eta ondoren adierazten dute nolako janzkera eraman behar dugun ekitaldira: «Emakumeak koktel jantzia», «gizonak, jakarekin».
Argi geratu zait ez dutela alkandoraren gainean jertse bat daraman gizonik onartuko ezta zamarra soinean daramanik edo alkandorarik dotoreenaren gainean ezer ez daramanik. Jaka da baldintza bakarra, ez jakaren azpian gizonezkoek eraman ohi dutena, jaka eskatzen dute, ez gorbata edo galtzak. Izan daiteke jaka bermudekin edo jaka bular biluzi baten gainean, horrelakoak askotan ikusi baititugu moda erakustalditan. Ulertua.
Emakumeontzako baldintzak, berriz, ez zaizkit hain zehatzak iruditu. Galdetu dut inguruan, galdetu diot Google-i eta jaso dudan informazioaren arabera, argi dut koktel janzkerak gona eskatzen duela eta, beraz, galtzak baztertzen dituela gonbidapenak, soineko 'dotore'ak eskatzen dituela, gehienetan belaunak estaltzerainoko luzerarekin, askotan mahukarik gabeak eta eskotedunak, udan nahiz negu gorrian.
Badakit askoren ustez dotorezia klasikoaren arauak ahuldu egin direla azken hamarkadatan eta joera horren kontra aldarrikatzen dutela ez errege-erreginen janzkera, baina bai burgesiarena, iruditzen zaielako horrek edozein ekitaldi dotoretzen duela, nola-halako distira ematen diola ospakizunari. Ez dut uste ezkontzetarako gonbidapen gehienetan gonbidatuak ze janzkera eraman behar duen zehazten denik, baina bistan da hizpide dudan ekitaldiaren antolatzaileen gustuko arropak aukeratzen dituztela gonbidatu gehienek, mozorroaren antza duen ustezko dotorezia antzezten dutenak.
Ez da emakumeon janzkerari aparteko arreta jartzen zaion lehen aldia. Alderantziz, edozein egoeratan da eztabaidagarri emakume batek soinean daramana, ausartegia delako edo koldarregia, modernoegia edo aspaldikoegia, sexualegia edo mindulinegia, soilegia edo apainduegia.
Eta ekitaldi horretara joan nahi lukeen emakume batek ez badu 'koktel jantzirik' armairuan, neronek antzeko ezer ez dudan bezalaxe, norbaitek debekatuko dio sarrera edo besterik gabe begirada gutxiesleak luzatuko dizkiote?