EMAKUMEAK ETA FUTBOLA

ARITZ GORROTXATEGI

Azken aldian indarra hartu du emakumeen futbolak. Batetik, Kopa irabazi zuen Realak. Munduko balentria handiena bezala ospatu genuen, nahiz aurretik Gipuzkoako bi taldek lortua zuten balentria hori, behin baino gehiagotan gainera: Añorgak hiru txapel ditu, eta Oiartzunek bi. Bestetik, Espainiako selekzioa Munduko Txapelketa jokatzen hasi da. Inoiz baino propaganda handiagoa jaso du ekitaldi honek. Bi txori tiro bakar batean harrapatzeko aukera: aberriaren aldeko oldarra eta berdintasunaren alorrean dominak jartzekoa. Bitxiki, emakumeen mailan urrezko baloia jaso duen azken jokalariak, Ada Hegerberg norvegiarrak, uko egin dio txapelketan parte hartzeari, bere Federazioak emakumezkoen futbolari ematen dion tratua dela eta.

Beste behin ere zalantza piztu zait. Ez dute telebistatik Munduko Eskubaloi Txapelketa emango, ezta Europako Saskibaloi Txapelketa ere. Belar hockeyko Realeko nesken taldea txapeldunorde geratu zen Eurohockey txapelketan, baina zaila ikusten dut horrelako lehiaketa bat telebistaz irekian emititzea. Futbola da jaun eta jabe. Edo andre eta jabe, nahiago baduzue. Ez dut ukatzen kirol jakin horren arrakasta positiboa denik. Nola ez! Ezinbestean, emakumeen kirolak aurrera egingo badu, erreferentziazko kirolariak eta oihartzuna behar ditu. Arazoa da, neurri handi batean, futbolari bakarrik ematen ari zaiola bultzada, eta ez zait kasualitatea iruditzen. Ez gara kirol batez ari, negozio boteretsu batez baizik, alde ilun dezente dituena. Ikusteke dago futbolarekin egiten ari diren apustua beste kiroletara hedatuko ote den. Atzetik dagoena benetako berdintasuna ala negozio hutsa ote den, esku betiberetan dagoena.

Temas

Euskera