Emakumeak apirilaren 28an

Gizartea aldatu da, askoren lanari esker, baita kalearen indarrari esker

Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Honezkero, ahal duenak ihes egin du edo maletak prest ditu. Gehienentzat kontua ez da nora joan, alde egitea baizik. Besterik ez bada herrira edo familiako norbaitengana. Kontua ihes egitea da. Horregatik datoz guregana bisitariak, etxetik ihes egin dutelako.

Guztiek, gure politikoek ezik. Gaixoak, gatibu daude, aspalditik indarrean dagoen kanpaina ofizial egin den honetan. Mitinak eman behar dituzte (gutxi), hitzaldiak antolatu, banderak astindu, irribarrea kaleargietatik zabaldu, masailetan min sumatu arte.

Argi adierazten dute kartelek, egunotan gobernatu nahi gaituzten ia guztiak gizonezkoak dira, gutxienez, aurpegiak karteletan jartzen dituzten gehienak. Noski, ez gaude duela hamarraldi gutxi geunden lekuan, politikan jarduten duten emakumeak ez dira salbuespen, arau baizik. Baina gehienetan bigarren edo hirugarren mailan daude, gizonezkoen atzetik, irribarretsu. Bigarren edo hirugarren mailan.

Bitartean gizartea aldatu da, askoren lanari esker, kalearen indarrari esker. Inor gutxik defendituko du jendaurrean emakumeok bigarren mailan egoteko sortu garela. Alderantziz, edonork, edozein egoeratan, esango dizu gizon eta emakumeon arteko eskubide berdintasunaren alde dagoela. Gizartea aldatu da, gure politikariak, ez.

Ikusi ditugu gizonezko zahar eta gazteak berdintasuna aldarrikatzen, inguruan emakume mutu eta irribarretsuak dituztela. Ikusi ditugu emakume hautagaiak gizon hizlariak gogotsu txalotzen. Ikusi ditugu, monarkia zaharretan bezalaxe, bizpahiru emakume gizon oilarraren atzetik pauso batzuetara. Ikusi ditugu senar politikoari eskua emanez.

Karteletan, ordea, emakume gutxi, politikan lan egiten duten emakumeentzat leku hori zilegi ez balitz bezala. Zergatik? Ez dute alderdi politikoek gizonen gaitasun bereko emakumerik? Uste dute jendea ez dagoela emakumeei gaitasun hori aitortzeko prest? Emakumeek ez dute hainbeste konpromiso onartu nahi, hain zuzen, politikaren mundua gizonek antolatu dutelako?

Gero, hori bai, gurean esango digute gizarte matriarkal batean bizi garela, emakumeek dugula eguneroko bizitzan benetako agintea, hori dela benetako euskal tradizioa. Ez digute kontatuko zenbat emakume biltzen zen zorioneko Gernikako arbolaren itzalpean, garai urrun hartan, legeak eta antzekoak erabakitzeko. Nahi dutena esango digute, baina guk erabaki behar dugu zer den egia, lelo hori edo hauteskundeetako kartelek diotena.