Ekaitzaren aurretiko barealdia?

Iñigo Lamarca
IÑIGO LAMARCA

Bartzelonan ospatu den kongresu batean Mohanbir Sawheny irakasleak esan du inteligentzia artifiziala gure bizitzaren arlo guztietan egongo dela bizpahiru urte barru, hau da etxeetan, sakeleko telefonoan, ordenagailuan, autoan eta abarretan. Horrek gure bizimodua zeharo aldatuko omen du. Ezin jakin, dena den, zertan izango diren zehazki aldaketa horiek. Adituek diote, bestetik, gaur egun jaiotzen ari direnak 150 urtetik gora bizitu ahal izango direla bioingeniaritzari esker. Halaber, Massachusettseko MIT unibertsitate ospe-tsuko buruetako bat den Nicholas Nagropontek esan berri du energiaren eremuan izugarrizko iraultza gertatuko dela atomoen arteko fusio nuklearra lortzen denean (gaur egun fisio nuklearra egiten da energia atomikoa lortzeko orduan). Gainera, bere ustez, herritarrek ontzat eman lezakete -Txinan gertatzen ari den bezala- Gobernuak mugarik gabeko kontrolak ezartzea, herritarrei buruzko informazio pertsonal osoa eskuratuz (aurpegiaren ezagutzea eta beste teknika ba-tzuk erabiliz) segurtasunari eta delituen aurkako borrokari men eginez.

Hori guztia gerta liteke etorkizun hurbilean. Askozaz zailagoa da, alabaina, aurreikustea eremu politikoan zein ekonomikoan nola izango den Europa edo mundua hamar urte barru. Are gehiago, hipotesi oso desberdinak marraztu ditzakegu, segun eta ze norabide hartzen duten zalantzaz beteta dauden gai inportante batzuek. Hasteko, gerrarik egongo al da Estatu Batuen eta Iranen artean, eta hala bada ze inplikazio izango lituzke horrek Ekialde Hurbil eta Ertainean? Herenegun, Iranen aurkako eraso bat egiteko zorian egon zen AEBeko armada, baina azken momentuan Trumpek gerarazi egin zuen hori. Nolanahi ere, petrolioaren prezioak gora egin lezake nabarmen. Bestetik, Erdogan Turkiako presidenteak salaketa gogorra egin du Egiptoko mandatarien aurka Morsi presidente ohi eta Anai Musulmanak taldeko buruzagiaren heriotza dela-eta. Al-Sisi jeneral-presidente-diktadore egiptoarra agintean mantentzea oso garrantzitsua da AEBrentzat, baina Turkiarekin harreman ona izatea ere bai. Bestetik, ez dago batere argi Al-Sisik bere agintearen kontrola denbora luzez mantendu ahal izango duenik, aipatutako mugimendu islamistak indar handia duelako. Eta Aljerian noiz arte eutsi ahal izango diote militarrek aginteari? Eta nork irabaziko du Libiako gerra zibila? Eta Tunisian dagoen erregimen demokratikoak egingo al du aurrera edo islamista erradikalek hartuko dute agintea? Eta Marokoko Mohamed VI erregearen ahulezia nabarmenak ze sorpresa ekarriko dizkigu datozen urteetan?

Nolanahi ere, Magreben eta Ekialde Hurbil zein Ertainean gauzak kolokan badaude (eta hipotesi batzuk gauzatzen badira, oso kaltegarriak izan daitezke eta egungo eszenatokiak hankaz gora jar ditzakete), Afrikako hurrengo franjara jaisten bagara, Sahel deitzen den erregiora, oso kezkagarria da indarkeria erabiltzen duten islamista erradikalak hartzen ari diren indarra, batez ere Burkina Faso eta Malin. Bestetik, Afrikako erdigunean gatazka edo arazo izugarriak dituzten herrialdeen egoerak azpimarratu beharko genituzke: goseteak, lehorteak (neurri handi batean klimaren aldaketagatik), gerrak (horietako batzuk, Kongon esaterako, zenbait enpresen interesek eraginda)... Nigeriak ia 200 milioi biztanle ditu eta barne arazo handiak. Litekeena da epe ertainera immigrazio mugimenduak izugarri haztea eta ehundaka mila izatea Europara etorri nahi dutenak. Hori gertatzen bada (eta klima aldaketari buelta ematen ez bazaio gerta liteke) ez dago hesirik hori ekidin dezakeenik. Horixe da, hain zuzen, Trump, inpotentzia handiz, egiaztatzen ari dena: ez dago neurri eraginkorrik immigrazioa gerarazi dezakeenik. Nahiz eta AEBn dituzten baldintza sozioekonomikoak oso txarrak izan, desesperazioak jota dauden Latinoamerikako ehundaka mila gizon-emakumeek nahiago dute hori beren herrialdeetan bizi duten egoera tamalgarria baino. Ulergarria da. Bizitza arriskuan baduzu, jatekorik ez baduzu, lanik ez baduzu...emigratzeko aukera baino ez zaizu geratzen. Dena den, badago egoera horien aurrean beste politika bat egitea: lankidetzan oinarritutakoa, alegia garapen ekonomiko jasangarri eta orekatu bat lortzeko xedez, herrialde desberdinen artean lankidetza eta laguntza sareak sor-tzea, gizon-emakume guztiei beren bizilekuan bizitza duina ahalbidetuz. Horretarako tresna juridiko-politikoak sortu ditu Europar Batasunak. EB bera lankidetza esparru bikaina da. Lastima ez dituela tresna horiek hobeto erabiltzen afrikar herrialdeekin lankidetzan aritzeko. Energia gehiegi gastatzen du EBk barruko liskarretan, aurre-aurrean dituen erronka erraldoiei jaramonik egin gabe. Eta ez naiz Brexitaren kulebroiaz ari, ezta Salvini edo Orbánek egiten dituzten gehiegikeriez. Ez. Gero eta multilateralagoa den munduan EBk ez du bere lekua aurkitu, edo ez du leku esanguratsurik eduki nahi. Baina bizkor-tzen ez bada, mundua gainetik pasatuko zaio.