Eguberritako gogoeta

Partxeak baino gehiago exijitu behar da, Gabonak denontzat izatea nahi badugu

RUFINO IRAOLA

Hurrengo esaldi hau Karlos Linazasoro adiskidearena da: «Creo que en los tiempos que nos ha tocado vivir la postura personal más ética es practicar la vergüenza ajena». Lotsagarriak iruditzen zaizkit hitzok: «Soldata minimoa jasotzen duenak gehiago merezi ez duelako jasotzen du». Espainiako politiko gazte baten hitzak dituzue. Momentu honetan, borroka bizian dabil heriotza duina izateko eskubidea errebindikatzen dutenen kontra. Eskubide osoa dauka bere jarrera defenditzeko, baina ez dirudi koherentea etxeagabetzea dela kausa bere buruaz beste egiten duena (azkena azaroaren 26an, Madrilen) aipatu ere ez egitea.

Gainera, gazte horrek eta gurdi berean doazenek 'pentsatzen' dute 'Jainkoak' merezi duenari ematen diola, eta ez duenari, koskorik ere ez. Eskuak garbitzeko sistema ederra da 'Jainkoaren borondatearen' izenean mintzatzea. «Beti izan dira aberatsak eta pobreak» esango dizute. Hori egia da, baina beti bultzatu direlako horretarako kausak gizakiaren egoismoaren erruz, eta, askotan, Torako, Ebanjeliko eta abarreko mezuei kasurik egin ez zaielako edo desitxuratu direlako. Hau ere badiote: «Saiatzen dena aurrera ateratzen da». Hori, neurri batean, egia izan liteke, baina ez da jeneraliza daitekeen ekuazioa. Badakigu formazio aldetik gutxien prestaturikoak direla lan-merkatuan sartzeko oztopo handienak dituztenak. Sistema honetan, ordea, langabeziarena, prekaritatearena, soldata miserableena inoiz konponduko al da? Eta daukadan aukera aprobetxa dezan Sanchezi zorionak emateko, lanbidearteko soldata minimoaren igoeragatik.

Portzierto, hitz ederrak Erregearenak Gabonetako mezuan: «Ez zaituztet gogoratu gabe utzi nahi, arrazoi pertsonal, ekonomiko edo sozialak direla bide, egoera zailean bizi zaretenok (…). Gure desirarik handiena da zirkunstantzia horiek guztiak ahalik azkarren atzean geratzea». Problema horiek, alabaina, ez dira konpontzen diskurtsoekin, ezta borondate onarekin ere edo GKEei txaloak jota. GKE izan litezke onak probisionalki, baina partxeak baino gehiago exijitu behar da, Gabonak denontzat izatea nahi badugu. Benetako nahiak aldaketa handiak eskatzen ditu sistema osoan. Inork ez dezala pentsa GKEen lana gutxiesten edo zalantzan ipintzen ari naizenik, neuk ere hartzen dut parte pare batean. Baina egun batean beharrezkoak ez izatea amesten dut, eta hori konplituko da, M. Lozanok sarritan esan ohi duen eran, hurkoa beste 'ni' bat dela konprenitzen dugunean.

 

Fotos

Vídeos