Borrar

Edozertan maisu

Askok ez ditu bi belarri eta aho bat, bi aho eta belarri bakarra baizik

Astelehena, 27 urtarrila 2020, 11:18

Comenta

Ezagutu ditut eta ezagutzen ditut mundu honetara eskolak ematera etorri direla pentsatzen duten pertsonak, hori gabe bizitzari zentzurik ikusten ez diotenak. Egunero, edonon, edonoiz, zer egin behar litzatekeen esateko prest daudenak, inork horrelakorik eskatzen ez badie ere, beti maisuaren paperean, inoiz ez ikaslearenean.

Nonbait, badago adin bat, zehaztu gabea, finkatu gabea, baina badago adin bat irakasten hasteko, ikasi beharreko guztia ikasia dagoelakoan, eman eta zabal ezazu leloa gidari. Hortik aurrea askok ez ditu bi belarri eta aho bat, bi aho eta belarri bakarra baizik. Une tristea iruditzen zait, baina beti-maisuentzat ez dago tristurarik hor, harrokeria baizik. Nik esango dizut zuk ez dakizuna, zuk ez didazu niri ezer irakatsiko.

Horrelakoentzat, egia, munduan zehar zabaldu behar duten egia hori, borobila da, akatsik gabea, diamante baten pareko, behin betikoa. Ez legoke gaizki baldin eta talaia horretatik gainerakoak gutxiesteko joera ez balute, baina dogmakeriak ezinbesteko ondorio du hori: ni irakasteko nago zu, nigandik ikasteko. Ni gainetik, zu azpian.

Zenbat eta zaharrago, orduan eta joera horretan erortzeko arrisku gehiago, zaharraren zeregin tradizionala irakastea izan baita. Eta halere ez dira falta mundu honetan lezioak emanez bizi nahi duten gazteak, lanbidez irakasle ez badira ere. Zalantza etsai dute horrelakoek, ahulezia lotsagarri baten seinale.

Egia da errazagoa dirudiela dotrina aldaezina, etengabe aldatuz doana baino, baina dotrina batera lotuak dauden guztiek ez dute lezioak ematen bizitzeko joera hori eta iritzi eta sinesmenetan malgutasuna onartzen duten batzuk ere lezio emaile dira, bokazioz, irrikaz.

Edonon aurkituko dituzu, garraio publikoetan, kalean, herri lanak zaintzen, supermerkatuan, kiroldegian, edozein ofiziotan, politikagintzan, merkataritzan, kazetaritzan, funtzionaritzan. Gezurra dirudi nola hainbeste jakinduria pilatzen duten pertsona horien ekarpenekin ere mundua ez den behin betiko konpontzen. Seguruenik, inork entzuten ez dituelako.

Apaltasuna ez baita inon saltzen ez fabrikatzen eta ez dirudi inor horren bila ari denik. Lastima, zeren norbaitek apaltasuna biderkatzeko pilula bat asmatu izan balu, alaitasuna edo sexu grina biderkatzeko egin den bezala, neronek oraintxe pilula pare bat gustura hartuko bainuen.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Edozertan maisu