Carola

Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

Sea Watch 3 ontziko kapitainaren atxiloketak aspaldiko auzi baten zauriak ireki ditu. Beste behin ere, aurrez aurre geratu dira legea eta gizakiak. Italiako legearen eta Agrigentoko fiskaltzaren arabera, Carola Rackete gaizkile hutsa da, eta pertsonen trafiko ilegala lagundu du bere jokabidearekin. Legeak betetzeko dira, eta ordenamendu juridiko batek segurtasuna behar du, baina zer egin legeek edo legeen ondorioek pertsonen oinarrizko duintasuna urratzen badute? Antzeko arazo bat planteatu zen II. Mundu Gerra amaitu berritan. Izan ere, zergatik kondenatu agintari naziak beren legeen arabera jokatu bazuten, beren zuzenbidea zorrozki eta hitzez hitz jarraitu bazuten? Argi zegoen, alabaina, erregimen naziaren legeak nabarmenki bidegabeak eta ankerrak izan zirela. Nola bereizi halakoetan legea eta zuzenbidea, legea eta justizia? Are gehiago gaur egun, estatu ia gehienak nazioarteko lege eta akordioen mende daudenez gero...

Aldeak alde, antzeko zerbait plantea daiteke Carola Racketeren kasuan ere. 'Sea Watch 3' ontziak 42 etorkin erreskatatu zituen Libiako uretatik, baina hango portuek behar adina segurtasun bermatzen ez zutela iritzita, Italiara jo zuen ontziak. Racketeren ustez itsasoaren legea eta gizakien eskubideak segurtasunaren eta Italiako zuzenbidearen gainetik daude. Bitxiki, kasu batzuetan oso zorrotz ezartzen da legea, eta beste batzuetan, berriz, oso epel. Adibidez, paradisu fiskalen edo arma trafikoaren kasuan.

Aipatu ontziari dagokionez, badirudi legearentzat errazagoa dela etorkin horiek uretan itotzen uztea. Arazo juridiko gutxiago. Baina, jakina, legearen ikuspegitik hala bada, orduan garbi dago lege hori akastuna dela.