Boto baldintzatua

Datorren igandean bozketa-ontzietan sartuko diren boto asko baldintzatuak izango dira

RUFINO IRAOLA

Askotan bezala, Lazkao Txikiz oroitu naiz, hasiera honetan. Behin batean, joan dira Nafarroako herriren batera bertsotara, bertsolariak ongi zainduta zeuden garaia izaki, guardia zibilak omen zeuden herri hartan (bertsoez gain egongo zen beste zerbait ere). Eta galdetzen dio guardietako batek: ¿Ustedes qué hacen aquí?, eta Lazkao Txikik: Somos bertsolaris, venimos a cantar. Y ¿qué van a cantar? No sabemos. ¡Vaya cantores de los c. que son ustedes! Hemedik aurrera Joxe Migelen irribarrea, ezpainen mugimendua eta begien zorroztasuna imajinatzen ditut.

Logikoa denez, bertsolariek ez dakite zer kantatuko duten, nahiz eta, zein testuingurutan kantatu behar duten jakinda, halako nondik norako bat buruan eraman lezaketen. Baina, dirudienez, bizitza arruntean ere hori horrelatsu da. Garunak gure kontzientziak onartu aurretik burutzen du ekintza, segundoaren milesima batzuk lehenago. «Nik egin dut», esaten dugu gero; zeharo onartzen dugu badela autore den 'ni' bat; zientziaren arabera, ordea, ez dirudi horrela denik. Ez omen dezake inork esan zer egingo duen, egin aurretik. Orduan, errua eta meritua aski erlatiboak dira.

Horrek esan nahi ote du ez dagoela Aukeramen Librerik? Ni horretan nago, jakintsuek ere hala diote. Lehen ere hori horrela zen, eta orain areago, badelako hainbat erreminta psikologiko gure borondatea eta gogoa manipulatzeko. Gainera, aukeramen librean sinesteak itsutu eta lelotu egiten gaitu. Pertsona batek zerbait hautatzen duenean (produktu bat, karrera, bikotea, politiko bat), esan ohi dugu aukeratzen diharduela, bere hautamen libreari esker.

Baina jar zaitezte telebistako debateei begira, eta kritikoki ikusten ez baduzu, azkar sartuko dizute ziria. Informazioa kontrastatzeko gai ez bazara, galduta zaude. Aurrekoan, 'Sexta Noche'ko debatean, Cs-eko ordezkariak garbi erakutsi zuen, Bildarratzek (EAJ) demostratu zion eran, ez zeukala ideiarik ere euskal kupoa nola kalkulatzen den, baina, debate osoan zehar, ez zen isildu 'cuponazo' eta 'cuponazo'. Hori hamar aldiz errepikatzen bada ordu erdian, sartu egiten da jendearen buruan eta sinetsi egiten du. Zenbait politiko -aurrekoan esaten nuen bezala, denak berdinak ez diren arren-, gezurretik bizi da. Gu, tamalez, ordea, ez gara gauza olo eta gari guzti-guztia bereizteko. Horregatik, datorren igandean bozketa-ontzietan sartuko diren boto asko baldintzatuak izango dira, programa barik eslogan manipulatzaileetan oinarrituak.