Biloak fuera

Zangetako, izterretako, besapeetako, hankarteko biloak kendu egin behar dira

Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Oraindik ere egutegiak oporrak agintzen ditu abuztuan. Ahalegin zaitez edozein gestio egiten eta esango dizute itxaroteko iraila arte. Agian ez zaude oporretan, zureak beste sasoi batean hartzen dituzulako, langabezian zaudelako edo oporrak luxu eskuraezina direlako zuretzat, baina berdin zaio, abuztuan gaude eta zure betebeharra da gainerakoen oporrak errespetatzea.

Hedabideek ere bide hori hartu ohi dute: hitz eta irudi ustez freskagarriak eskain-tzen dizkigute, eduki arinak, jostalariak. Politikaren munduan ere oporrak dira nagusi abuztuan, are Madrilgo gobernuaren auzia pil-pilean dagoen honetan. Behin-betiko, abuztua ez da hilabete normala, Eguberriko egunak arruntak ez diren bezalaxe.

Bada hainbeste arinkeriaren artean orain arte esparru pribatuko kontua izan dena azaleratu da hedabideetan, egunkaririk ospetsuenak kutsatu arte. Emakume txukun batek besapeetako ileak kendu behar omen ditu, nahi-ta ez, baldin eta artaldean jarraitu nahi badu, berdin zaio politikari, etxekoandre edo abeslari bada ere. Besapeko ileak, fuera eta hori hasiera besterik ez da.

Emakumeontzat gorputzeko ile guztiak daude debekatuak, ez bada burukoak eta azken hauek ere mugekin: kalparra, betile eta betazalak, hortik kanpo ile bat bera ere ez. Debekuak bi aukera ematen dizkizu, biloak kendu edo ezkutuan gorde.

Kontua mundu guztian eztabaidatu da, baina debekua gurean beste askotan baino zorrotzagoa da. Hemen, azken hamarralditan, emakumeontzat depilazio orokorra da legea. Zango eta izterretako, besapeetako, hankarteko ileak kendu egin behar dira, argizariz, laserraren bitartez edo, bestela, bizar labanaz. Jarri galtzak, mahukak edo bainujantzi aproposa, baina esaiozu munduari zuk ez duzula lekuz kanpoko ilerik.

Sudurraren eta ezpainen artea, ordea, ezin da gurean ezkutatu eta hor biltzen dira debekurik zorrotzenak. Aurpegiaren leku zehatz horretan hemen eta atzerrian, ilea debekatua dago, gerra biloei. Reedingeko Unibertsitateak egunotan plazaratu duen txostenaren arabera, horiek dira bilorik gorrotatuenak. Bretainia Handiko emakumeen artean, hamarretik zortzik ken-tzen du bibotea.

Neska koskor batek emakume izateko emandako lehen pausoetatik hasi beharko du biloen kontrako gerra amaigabea, hil arte. Dibertigarria iruditzen zait gizonezkoen artean ere depilazioa zabaltzen ari dela jakitea.