Bihotzaren harira

Rufino, asmatuko ahal diat hik utzitako lekukoa ahalik duinen eramaten!

PELLO ESNAL

Hanka-puntetan nator txoko honetara, ahalik eta isilen, zerekin topo egingo dudan beldur. Eskerrak erdi zabalik aurkitu dudan atea. Bultza egingo diot, gehixeago zabaldu eta barurra sar nadin. Ez da sentsazio berria. Ezaguna dugu lehendik ere. Aurrean dugu norbaiten gela edo etxea edo txokoa izandakoa. Baina lagun hura betiko joana da, han urtetan eta urtetan bizi ondoren. Badakigu ez dagoela barruan. Ez dugula gehiago ikusiko. Eta halako hutsunea sentitzen dugu sabelean, atea erabat zabaldu aurretik.

Rufinoren txokoa izandako honetan idazteko aukera eman dit egunkari honetako zuzendaritzak. Eta, gehiegi pentsatzen gabe, baietz erantzun diot, bihotzaren agindura, Rufinori berari kasu eginez. «Bihotzarekin hitz egin» zioen berak txoko honetantxe, gaur hamabost, bere azken zutabean.

Eta atea erabat zabaldu, sartu eta hementxe naiz, Rufinok hainbatetan barrua hustu zuen txokoan. Eta mahai gainean zer aurkituko eta «Bihotzarekin hitz egin», hark argitara emandako azken zutabea, halabeharrak testamentu eta lekuko bihurtua aldi berean.

Eskuetan hartu eta berriro irakurri dut. «Nik bihotzarekin 'pentsatzera' gonbidatzen zaituztet. Bihotza buruaren gainetik dago, bihotzaren desirak nobleak dira; bihotzean dago estetika, sentiberatasuna, kariñoa... Burua erasokorra da; bihotza, amodioa. Buruan dago arrazoimena, bihotzak arrazoimenaz handiko [haragoko] gauzak atzematen ditu».

Pascalen esaldi ezaguna ekarri dit gogora: «bihotzak baditu arrazoiak... arrazoimenak ulertu ez ditzakeenak». Bai. Hementxe nauk, Rufino, hirea izandako txoko honetan, hire testamentua eta lekukoa eskuetan ditudala. Ustekabean, halabeharrez. Eta hemengo leihotik begira gelditu nauk uda-hasiera honetan. Egia esan, hasieran halako zirrara eragin zidatek testamentuak eta lekukoak eskuetan eta bihotzean; aldi berean, beldur pixka bat eta konfiantza puxka bat. Eskerrak, azkenean, konfiantzak hartu didan gaina. Horretan zerikusia izango dik, noski, biok elkarren gogaide eta bidaide izanak bizitzaren zenbait pasartetan: bertsolaritzaren eremuan, euskararen irakaskuntzan eta, azken urteotan, Arantzazuko asteburuan urtez urte, lagunarte ederrean.

Asmatuko ahal diat, Rufino, hik utzitako lekukoa ahalik eta duinen eramaten! Baietz esaten zidak bihotzak. Bihotzaren harira jardungo diat, aizkolariak egurraren harira eta bertsolariak errimaren harira bezala. Heuk bezala: bihotzaren harira, erne, begiak zabalik.