Borrar

Nor bere teman

Bai horixe ·

Intsektuek ez dituzte ekintzak ezusteko gertakarien ondorioz aldatzen

Astelehena, 25 azaroa 2019, 07:33

Comenta

Aste honetan duela lauzpabost urte irakurritako liburu bat hartu dut apaletik, nire memoriak esaten zidalako bertan ikasi nuela berbisitatu nahi nuen ideia. Liburuak 'Atrévete a saber' du izenburu eta Nobel saridun izandako Rita Levi-Montalcini da egilea.

Gertatu izan zait ideia jakin bat liburu zehatz batetan aurkitu nuela pentsatzea eta gero horrelakorik topatu ez berrirakurritako liburu horretan, ezta oroitzapenen makulu gisa erabiltzen ditudan seinaleei begiratuta ere. Interesgarriak iruditzen zaizkidan hitzak azpimarratzen ditut, lehen arkatzaz eta orain eskura dudan lehen gailuaz. Hortik aparte, azpimarratutakoa bereziki interesgarria iruditzen bazait izar bat jartzen dut bazterrean edo harridura marka egoki iruditzen zaidanean.

Hartu nuen liburua, begiratu nituen soilik azpimarratutako hitzak eta lehen berrikusteak ez zidan begi bistan bilatzen nuena jarri. Baina horretan ari nintzela, beste azpimarra batek piztu zidan arreta. «Intsektuek ez dituzte ekintzak ezusteko gertakarien ondorioz aldatzen», dio Levi-Montalcinik eta gehitzen du ugaztunak direla inguruko behar edo eskakizun berrietara egokitzen diren bakarrak.

Eta hori irakurtzerakoan euliak etorri zitzaizkidan gogora lehenik, nola jarraitzen duten janari bila, mokoka, aldamenean dozena erdi euli zapaldu izanda ere. Uda eta Baztan ekarri zizkidan gogora memoriak, arratsaldeko berriketa gozoak, eskuan euliak hiltzeko gailua. Zapla eta zapla, gupidarik gabe, eguzkiari bizkarra emanez.

Minutu batzuetan hari horri tiraka jardun nuen. Beti, urteak joan, urteak etorri, bere teman dauden pertsonak gogoratu nituen, ikasi beharreko guztia aspaldi ikasi zutela pentsatzen dutenak, eulien tema berdinaz ikasitakoa errepikatzen dutenak, aldaera oro saldukeria balitz bezala. «Liztorrek ekintza berak errepikatzen dituzte, akitu arte, inguruan edozein aldaketa gertatzen dela ere», dio Levi-Montalcinik, han eta hemen egindako azterketak aipatuz.

Ez dakit nola ez nion liburua irakurri nuenean irudi horri arreta gehiago eskaini. Azpimarratu nuen, hiru harridura marka jarri nizkion bazterrean, baina ahaztu egin zitzaidan irudia. Orain berriz iruditzen zait halako pertsona bat begi bistan jartzen zaidan bakoitzean haren aurpegiaren ordez liztor baten muturra ikusiko dudala edo euli baten hego gardenak bizkarren gainean.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Nor bere teman