Berdintasunaren kontra

Matxismoak badu orain isilpeko hitzak ozenki esaten dituenik

Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Feminismoa katakonbatan edo erdi ilunpean egon den bitartean, gizon asko eta ez emakume gutxi lasai zegoen, ez zuten eskubide berdintasuna arrisku gisa ikusten, edo gutxienez, arriskua ez zitzaien larria iruditzen. Total, milimetroka egiten zuten aurrera mugimenduaren aldarriak. Egia da tantaz tanta edalontzia betetzen ari zela, baina asko ez zen jabetzen.

Berriz, gizon eta emakumeon eskubide berdintasunaren aldarriak kaleak, plazak eta hedabideak okupatzen ari diren honetan, milimetroak pauso edo oinkada bilakatzen ari direnean, hainbati gehiegizko abiadura iruditu zaio feminismo guztiena. Eta ahopeka hasi dira esaten temati ari garela jartzen feministok hainbeste salaketa eta aldarrikapenekin, neurritik pasatzen ari garela.

Kalaka-emaile garela esaten hasiak dira. Ez zaie iruditzen aspaldiko diskriminazioa tematia denik, mendeak daramatzala azpijokoan nahiz azalean emakumeak baztertzen. Ez, iruditzen zaie eraildakoak, erasotuak eta haien alde egiten dutenak direla tematiak , hain zuzen, gertatzen denaren aurrean isiltzen ez garelako, desatsegin zaiguna ezkutuan gorde nahi ez dugulako.

Bada orain badute euskarria, badute zeri heldu, badute aurrean ispilu bat, badute isilpeko hitzak ozenki esaten dituenik, errealitatea islatzen duten emaitzak bazter utzita diskriminazioa ukatzen duenik. Bozgorailuak Vox du izena.

Agian hainbati ez zaio ispilu horretan ikusten dena gustatuko, ez dira eder ikusiko irudi horretan, baina ispiluak aurrean duena islatzen du, ez nahi duena edo haren aurrean jartzen denak nahi duena. Esango dute jolas parketan egoten ziren ispilu desitxuratzaileen pareko dela Vox-ek muturrean jarri dien ispilua, azaleratu berri den alderdiarekin zerikusirik ez dutela.

Aitzakiak aitzakia, seriotan hartzekoa da Vox, ez da txantxetako kontua, espero ziten erreakzioa baizik, osatzen ari den olatuari kontra egiteko eraiki den uhin-hauslea. Egia da gezurrezko zenbakitan oinarritzen dutela plazaratzen duten gogoetabidea, baina askok sinetsi egin ditu gezur horiek, agian bandera gorri-horian bilduta zetozelako. Beste koloretan biltzen diren antzeko jarrerak ikusi ditugu sare sozialetan, kolore zuri-gorri-berdetan. Horretarako ere balio dute banderek, gezurrak mozorrotzeko.

Eskerrak feminismoen olatu berria indartsu datorren eta, oraingoz, uhin-hausle hori gainditzeko gauza den.