Berandu da, EB

Iñigo Lamarca
IÑIGO LAMARCA

Txinako enperadore komunista tematuta dago Zetaren Bidea deitua izan zen gune komertziala berreraikitzearekin. Xi Jinpingek herrialde erraldoi hori munduaren erdian kokatu nahi du eta ingelesez «Belt and Road Initiative» (BRI; Gerrikoa eta Bidea Ekimena) izena hartu duen proiektua jarri du abian, ikaragarrizko inbertsioa eginez azpiegitura berriak sortzeko eta horrekin batera bide eta sare komertzial berriak edo berrituak bultza-tzeko. Bi franja zabal egokitu nahi dituzte txinarrek, bata Asia zeharkatuko duena; bestea itsasbide bat izango da. 60 bat estatu egongo lirateke ukituak makroproiektu honetan, non munduko populazioaren %70a bizi den. Txinako gobernuak 1,4 bilioi dolare inbertitu nahi ditu. Txinak Europako ekialdeko zenbait gobernurekin bazituen hitzarmen sendoak lotuta (greziar El Pireo portua, adibidez, neurri handi batean enpresa txinatar baten esku dago), baina duela gutxi salto oso handia eman du Italiarekin izenpetu duen memorandum baten bidez. Merkelek eta Macronek Italia gutxietsi egiten dute eta mesfidantza handiz begiratzen diote hango gobernuari. Baina Europaren sustraiak Erroma klasikoan daude, zenbait mendetan zehar ahalmen eta eragin handiko estatuak izan ziren Venezia, Florentzia edo pontifize-estatuak, eta aurreko mendearen bigarren zatian Italiako iparraldea Europako gunerik industrial eta aberatsenetakoa izan da. Ez dezagun gutxietsi Italia, Europaren eta euroaren etorkizunean uste baino garrantzi handiagoa izan baitezake. Pedro Sánchezek amodiozko triangelu bat egin nahiko luke, antza, Alemania eta Frantziarekin baina oso inozoa izango litzateke Italia zokoratu nahi izango balu.

Italiar gobernuak pauso ausarta bezain arriskutsua eman du Txina besarkatuz. Macronek argi ohartarazi dio Xi Jinpingi Europar Batasunarekin egin behar dituela tratuak eta ez doala bide onetik europarrak zatitu nahi baditu. Frantsesa oso handi-mandia da eta Txinarekin hika egin nahi du, Europar Batasunaren izenean. Nire ustez, berandu dabil, eta gaizki, gainera. Txina sartu da jada Europan. Dirua dauka eta inbertitzen ari da. Lehen greziar portu inportanteena aipatu badugu, Bartzelona eta Valentziako portuak ere sartu behar ditugu inbertsio horren zakuan. Kroazia, Txekia, Hungaria, Polonia, Portugal, Malta eta lehen aipatu dugun Grezia lotuta daude jada BRIrekin. Eta orain Italia. Europar Batzordeak argitaratu berri duen dokumentu batean 'aurkari sistemiko'tzat jo du Txina eta Europar Kontseiluak bat egin du diagnosi horrekin. Kexatzea, alabaina, ez da nahikoa. Mundua eszenatoki berri batean dago eta Europa dekadentzi bidean dago. Europar Batasunak aurrerapauso inportanteak eman ditu baina mundu mailako aldaketen abiadura oso azkarra da eta europar eraikun-tzaren erritmoa, berriz, oso motela. EBk bere batasuna indartu egin beharko luke baina europar buruzagi gehien-gehienek ez dute hori nahi. Merkelen CDU partiduko lider berria den Annegret Kramp-Karrenbauer-ek (AKK deitzen diote) adierazpen esangura-tsuak egin zituen duela gutxi Macronek EB indartzeko duen proiektuaren aurka. AKK laster Alemaniako kantziler berria izan daiteke, eta esan duenaren arabera (iritzi publikoan nagusi diren ideiei men eginez) ez dio europar eraikuntzari inolako bultzadarik emango. Eta datozen Europako Parlamentua aukeratzeko hauteskundeetan eskuin muturreko alderdiek (Salvini, Orbán, Le Pen eta abarrek) emaitza onak lortzen badituzte EBren ibilbideak balaztada galanta izan dezake.

Edozein modutara, Brexitaren inguruan gertatzen ari denak azaltzen du (edo lehenago Italiako Gobernuak Aurrekontuaren kontura Europar Batzordearekin izan zituen tirabirek ere) interes oso sendoak sortu direla EBko estatuen artean eta oso zaila eta kaltegarria dela kluba uztea. Baina aldi berean dagoen batasuna ahula da, estatuek pisu handiegia dute eta Europak epe motzean dituen erronken aurrean (Txina superpoten-tzia berriarekin nola negoziatu, Estatu Batuekiko harremana, Inteligentzia Artifiziala, 5 G konexioa, Putinekin nola tratatu, Afrikako iparraldeko herrialdeekin lankidetza sendotzea eta abar) EBk ez du pisu politiko nahikorik, ezta behar bezalako bitarteko eta aurrekonturik eta bere barne batasuna hutsaren hurrengoa da. Herritar askok duten sentsazioa da, hitz batzuekin edo besteekin adierazi, ezin dela gustura egon EBren barruan, horrek ez dielako behar bezalako eran-tzunik ematen herritarren beharrei, baina haren kanpoan ere ezin dela egon. Garran-tzi handia hartzen ari den eztabaida batetik at dago, esaterako, EB. Elizabeth Warren estatubatuar senatari eta presidente izateko hautagaiak proposatu du erraldoi teknologikoak (Facebook, Google eta abar) zatitu egin beharko liratekeela botere handiegia dutelako, eta konpetentzia ezabatzen ari direlako. Gainera, zerga gutxi ordaintzen dituzte eta herritarrei buruzko informazio gehiegi daukate.