Beldur ikasiak
Bai horixe ·
Beldur guztiz desberdinak irakasten dizkigute gizon eta emakumeoiSeguruenik sentikizun desberdinak gordetzen dira 'beldur' hitzaren barruan, edo, gutxienez, maila edo pisu desberdineko sentikizunak. Handiak eta txikiak, azalekoak edo sakonak, iraunkorrak eta igarokorrak.
Nork bere beldurrak, aitortuak edo ezkutukoak, zirrara atsegina eragiten dutenak, mugak gainditzeko gogoa eragiten dutenak, sarritan aise gainditzen direnak, gustura haizeratzen direnak, beldur gazi-gozoak. Edo beldur gaindiezinak, pertsona paralizatzen dutenak, ametsetara heltzen direnak, bizimodu oso bat baldintzatzeko gauza direnak.
Beldurrak salbatu gaitu hainbat arriskutik, baina beldurra da aurrera egiten uzten ez diguna. Hor dago koska, bakoitzaren beldurrak menderatzeko moduan. Eta hori, beldurrak nola gainditu, ikas daitekeen zerbait da. Alferrik da esatea ez dugula zerbaiten aurrean beldurrik izan behar, alderantziz, ikasitako beldur hori gaindi daitekeela esan behar da. Horregatik iruditu zait motza azken boladan zabaldu den mezua, 'beldur barik' dioena.
Beldurrak berak ere ikasten dira. Horregatik dira desberdinak adinaren arabera, bizilekuaren arabera. Horregatik ikasten ditugu beldur desberdinak gizon eta emakumeok. Edonork esango dizu emakumeok beldurtiago garela, baina arrazoia ez da biologikoa, kulturala baizik, beldur gehiago irakasten zaigu.
Aski duzu edozein lekutan, autobus geltokian, sendagilearen itxarongelan edo superraren ilaran emakumeen hitzak entzutearekin beldur ugariren berri izateko. Beldurra kaleari, gauari, tximistei, lapurrei, bortxatzaileei, espaloietan dabiltzan txirrindu edo patineteei, ate joka datozenei, gizonezkoei, etorkin pobreei ... Beldurra adin guztietan, munduko bazter guztietan.
Kaleko beldurrak gehientsuenak, jakin badakigu ere emakumeon arriskurik handiena etxean dagoela, hor gertatzen direla erasorik larrienak, barrutik datorrela arriskua, ez kanpotik. Eta halere neskei esaten diegu kontuz ibiltzeko kalean, batez ere gauean, ez diegu esaten nola antzeman matxismoaren lehen aztarnak, nola ekidin maitasunez mozorrotutako matxismoa.
Oraindik ere emakume askok babesa bilatzen du gizonengan eta gizon askok hori ikasi du, emakumeok babestu behar diren pertsonak garela eta gizonak babes emaileak.
Jaioko dira hainbeste beldur irakatsi jaso ez duten neskak. Sortuko dira beldurra emakumeak menderatzeko tresna dela ikasiko dutenak.